Markel Fernandezek 400 metroko errekor absolutoa hautsi du

2022.07.21 | Atletismoa, EHKM, Errekorrak, Errrekor berria, Gizonak

46.21ko denbora egin zuen pasa den igandeko saioan eta Euskal Herriko errekor absolutoa eskuratu zuen, aurretik Juan Jose Pradoren eskuetan zegoena. Pradok (1956), 1985. urteko uztailaren 13an lortu zuen errekorra Fuenlabradan, 46.55ko denborarekin

Argazkia: @atletismoRFEA

 

Pasa den asteburuan, Valentziako Torrent herrian lehiatu zen Estatu mailako 20 urtez azpiko atletismo txapelketa, eta hantxe aritu zen Durango Kirol Taldeko Markel Fernandez Soto (2003, Sopela), bere espezialitatea den 400 metrotan egindako lana distiratsua izan zelarik.

Izan ere, 46.21ko denbora eginda urrezko domina golkoratu zuen, bidenabar abuztuaren 1etik 7ra Kolonbiako Cali herrian egingo den munduko txapelketan aritzeko gutxieneko denbora lortu zuelarik.

Sekulako lasterketaldi honekin gainera, Euskal Herriko errekor absolutoa eskuratu zuen, aurretik Juan Jose Pradoren eskuetan zegoena. Pradok (1956), 1985. urteko uztailaren 13an lortu zuen errekorra Fuenlabradan, 46.55ko denbora eginda.

Juan Jose Prado korrikalari bikaina izandakoa dugu, erreleboka eta 200 zein 400 metrotan marka bikainak eskuratu dituena, oraingoan 37 urtez indarrean izan duen Euskal Herriko errekorra ondu duelarik Markel Fernandezek.

Iragan otsailean 19 urte bete zituelarik (2003/02/06), errekor absolutoaz gain, Euskal Herri mailako 23 urtez zein 20 urtez azpiko markarik onenak ere ezarri zituen sopeloztarrak.

23 urtez azpiko errekorra Adrian Rocandiorena (1997) zen, 2019ko ekainaren 15ean Sorian egindakoa: 46.80. 20 urtez azpikoena berriz, 46.93, luzez iraun zuen Oscar Albalaten (1984) eskuetan,  2003. urteko ekainaren 29an ezarri baitzuen Gasteizen baina ekainaren amaieran Fernandezek berak hautsi zuen Nejarren, Estatu mailako txapelketa absolutoan 46.82ko denbora eginda.

Sopeloztarra txirrindularitzan hasi zen bere garaian eta 800 metrotako proban ere aritutakoa da baina duda barik bere espezialidade kuttunena 400 metroak dira eta azkenaldiontan sasoiko dagoela erakutsi du behin eta berriro.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!