Markel Fernandezek 400 metroko errekorra ezarri du pista estalian

2023.01.27 | Atletismoa, EHKM, Errekorrak, Errrekor berria, Gizonak, Markak

Scorpio taldeko atletak erakustaldia eman zuen urrezko domina irabazi eta 47 segundoko langa hautsi zuenean (46.99), balentria hau lortu duen lehen euskal atleta izanik

Argazkia: utzita

 

Pasa den asteburuan Valentzian jokatu ziren 23 urtez azpiko Mediterraneoko txapelketak, pista estalian. 400 metroko probak igandean lehiatu ziren, hilak 22. Goizean izan ziren finalerdietan, Markel Fernandez eta Ibai Serrano euskal atletek finalerako sailkatu ziren, 47.88 eta 47.87ko markekin hurrenez hurren.

Arratsaldean lehiatu zen finala eta bertan Markel Fernandez Sotok (2003ko otsailaren 6a) urrezko domina irabazi zuen, 46.99ko denborarekin, Euskal Herri mailako errekor absoluto berria ezarri zuelarik. Final berean, Real Sociedadeko Ibai Serrano laugarren izan zen 47.72ko markarekin, brontzezko dominatik ehunen bakarrera geratuta.

Valentziako txapelketara 47.56ko markarekin iritsi zen Markel Fernandez, baina finalean egindako erakustaldiak, non hasi eta buka nagusi izan zen, Adrian Rocandiok 2021ko otsailaren 2an Madrilen lortu zuen marka (47.20) hobetzeko aukera eman zion.

Negu honetan klubaz aldatu (Durango utzi eta Zaragozako Scorpio taldera pasatuz) duen atletak erakustaldia eman zuen 400 metroko proba irabazi eta 47 segundoko langa hautsi zuenean, balentria hau lortu duen lehen euskal atleta izanik.

Markelek oraindik ez ditu 20 urte bete, eta atletismoaren elitean sartu da jada. Iaz, uztailaren 17an Torrenten, Nadia Castelok entrenatutako atletak Euskal Herriko 400 metroko marka absolutua hautsi zuen 46.21ekin, honakoan aire zabalean.

SAILKAPENA

1 Markel FERNANDEZ 6/2/2003 46.99

2 Jakov VUKOVIĆ  13/2/2001 Croacia 47.55

3 Lorenzo BENATI  5/4/2002 Italia 47.71

4 Ibai SERRANO  17/7/2002 47.72

5 Ericsson TAVARES  29/1/2001 Portugal  48.11

6 Rodrigo CAETANO  7/5/2003  Portugal  49.15

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!