Mikel Lopetegik irabazi du Igeldoko Harria

2023.08.15 | EHKM, Errekorrak, Harri-jasotzea, Herri kirolak, Markak

Zarauztarrak hirugarrengoz lortu zuen proba irabaztea 18 jasoaldi gauzatuta baina ezin izan zuen Goenatxo II.ak 2002an egindako hemeretzi altxaldiko errekorra gainditu

Argazkia: donostiakultura.eus

 

Donostiako Trinitate Plazan Igeldoko Harria eta Uliako Harria probak jokatu ziren pasa den larunbat arratsaldean (18.30ean).

Gizonezkoen txapelketan, hamar harri-jasotzailek egin zioten aurre Igeldoko Harria altxatzearen erronkari. 135 kiloko harri irregularra altxatzeko, indarra eta abilezia, biak izaten dira ezinbestekoak.

Jokin Eizmendi (zazpi aldiz garaile) eta Mikel Lopetegi (Urra) zarauztarrak ziren faborito nagusienak, eta horiekin batera, Paulo Azpiazu (Bergara), Ryan Richard Stewart estatubatuarra , Aimar Galarraga (Orio), Beñat Telleria (Lasarte), Gorka Etxeberria (Orio), Imanol Royo (Zarautz), Xabat Olaizola (Zarautz) eta Alex Merlo (Getxo) aritu ziren nor baino nor gehiago garaipena eskuratzeko asmoz.

Igeldoko Harria proba 1992an hasi zen jokatzen. Juan Jose Unanue Goenatxok dauka garaipen errekorra, hamaika aldiz irabazita, eta edizio bateko jasoaldi kopururik handiena ere berak lortu zuen 19 jasoaldirekin.

Lopetegik bere markarik onena lortu zuen proba honetan eta guztira 18 jasoaldi egin zituen, aurreko edizioan lortutakoak baino bi gehiago, eta hirugarrengoz lortu zuen proba irabaztea —2018an eta 2022an ere irabazi zuen—. Alabaina, ezin izan zuen Goenatxo II.ak 2002an egindako hemeretzi altxaldiko errekorra gainditu.

Beñat Telleria eta Jokin Eizmendi izan zituen atzetik sailkapenean, bi jasoaldi gutxiagorekin. Bigarren postua urnietarrarentzat izan zen, pisu gutxiagoakoa izateagatik. Gorka Etxeberria oriotarrak 15 jasoaldi lortu zituen; Paulo Azpiazu bergararrak, hamalau, eta Aimar Galarraga zarauztarrak, hamabi. Ondoren hamar jasoaldi egin zituzten Imanol Royok eta Xabat Olaizolak. Richard Stewart estatubatuarra, bere aldetik, harri-jasotzaile bezala estreinatu zen bederatzi jasoaldirekin. Sergio Merlo bizkaitarrak itxi zuen sailkapena, bost altxaldi gauzatuta.

SAILKAPENA

  1. Mikel Lopetegi, Urra: 18 altxaldi
  2. Beñat Telleria: 16
  3. Jokin Eizmendi: 16
  4. Gorka Etxeberria: 15
  5. Paulo Azpiazu: 14
  6. Aimar Galarraga: 12
  7. Xabat Olaizola: 10
  8. Imanol Royo, Lartain: 10
  9. Ryan Richard Stewart: 9
  10. Sergio Merlo: 5

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!