Mikel Odriozola, ibilketako errekordunarekin solasean

2022.12.23 | EHKM, Elkarrizketak, Errekorrak, Gizonak

Errenteriarrak Euskal Herriko errekorrak ditu aspalditik, 20 kilometro zein 50 kilometro ibilketan, eta birritan munduko kopan laugarren postua egina du

Argazkia: oarsoaldea.hitza.eus

 

Mikel Odriozola Dominguezek (Errenteria, 1973), Euskal Herriko errekorrak ditu aspalditik, 20 kilometro eta 50  kilometro ibilketan. Kasualitatez hasi zen modalitate hau jorratzen, eta hemengo errekorrak izateaz gain, bitan munduko kopan laugarren postua egina du.

Egun on Mikel, nola hasi zinen ibilketa jorratzen?

Orereta ikastolan nenbilela,  atletismo taldean sartu nintzen. Garai hartan, berreskuratu egin beharko liratekeen eskola arteko olinpiadak egoten ziren Errenterian. 87-88 urteak ziren, eta Joanan Legorburu eta Iñaki Eizmendirekin entrenatzen genuen. Denetik egiten genuen, eta olinpiadetan parte hartzeko ibilketarako lagun bat behar zen, eta geundenen artean proba batzuk egin zituzten, eta ni aukeratu ninduten.

Gero, lau urtez edo, geldirik egon nintzen, 14 urtetik 18 urtera arte, eta ondoren  Errenteria-Oreretako atletismo taldean sartu nintzen eta han bi urte egin nituen.

Ondoren ibilera luzea duzu?

Bai, bai, Donostiara joaten hasi nintzen, han “itineranteak” deitzen genituen entrenamenduak egitera. Gipuzkoako herri ezberdinetatik etortzen ziren ibilketan entrenatzera. 5-6 laguneko taldea egin genuen, 1992an. Eta Realeko atletismo taldean sartu ginen.

1996an, soldaduska egitea tokatu zitzaidan, eta Realaren eraginez edo, Donostian bertan, Loiolan egin nuen. Nik soldaduska goiz eta arratsaldez entrenatzen pasatu nuen. Urte horretako abuztuan, Realak eta Federazioak beka txiki bat eman zidaten, 5 hilabetekoa zena, azarotik martxora artekoa, Bartzelonan,  errendimendu handiko Sant Cugat del Valles-eko zentroan. Han nengoela, apirilean Pragan ziren munduko koparako sailkatzeko markak egin nituen. Eta txapelketan ezer ez banuen lortu ere, handik bueltan Espainiako Federazioak beka bat eman zidan, eta horrekin egon nintzen 2010. urtea arte.

Beraz 5 hilabeterako joan eta 14 urte egin dituzu?

Bai, kasik 14 urte egin nituen. Oso bizipen aberatsa izan zen, lagun piloa egin nuen. Eta ez bakarrik atletak, tenislariak, futbolariak (Españolek garai hartan han entrenatzen zuen) eta beste hainbat diziplinetako kirolariak ere. Oraindik adiskidetasuna mantentzen dut haietako askorekin.

Kirol ikuspegitik ere, nire garai onenak tarte horretan egon ziren. Esango nuke, 2000-2005era izan zela emankorrena. Garai horretan egin nituen nire markak, Euskal Herriko errekorrak direnak.

Kontaiguzu! Zeintzuk dira zure markak?

1998an, Europako txapelketan, laugarren postua egin nuen; 2000. urtean Sydneyn izan ziren joku olinpikoetarako sailkatu nintzen; 2001ean hirugarren postuan iritsi nintzen azken kilometrora Kanadan, baina deskalifikatu egin ninduten, eta 2006an Europako txapelketan, Gotenburgon,  bosgarren egin nuen eta urte berean, Koruñan laugarren izan nintzen Munduko kopan.

Proba  gehienak 50 kilometrotan egin izan ditut, baina 20 kilometrotakoak ere egin ditut. Nahiz eta, beti esaten zidaten nire neurri egokiena 30-35 kilometrotakoa zela, 20koak ere egin ditut, batez ere abiadura lantzeko.

Euskal Herriko errekorrak dituzu aspalditik, 20 eta 50 kilometroko probetan.

Bai, 20 kilometrotakoa Royal Leamingtonen  (Inglaterra) lortua, 2000ko apirilaren 23an 1.22.29ko denborarekin  eta 50 kilimetrotakoa Prat de Llobregaten  3.41.47 denborarekin 2005eko otsailaren 27an lortua.

2010. urtera arte beka batekin Bartzelonan. Eta gero?

2010etik 2016era Bartzelonatik joan etorrian ibili nintzen eta 2012an Jon Esturo izan nuen entrenatzaile eta olinpiadak eta Sevillako munduko kopa prestazen aritu nintzen.

Gure kidea (azaroan zendu den) Jon Esturo izan zenuen entrenatzaile!

Bai, 1998tik ezagutzen ginen. Bartzelonako kirol ikastaro batzuetan egin genuen topo. Eta harrez gero lagunak  izan ginen. Hasieran, zaletu gisa, nire probetara etortzen zen, Parisen, Munichen, eta Kanadan ere egon zelarik. 2012tik aurrera nire entrenatzailea izan zen.

2016an utzi zenion lehiatzeri!

Ordutik aurrera ez dut probarik lehiatu (San Silvestre eta horrelakoaz aparte), eta orain, nolabait, Jonen oroimenez, nik “Esturiada” deitzen diodan bat egitera noa. Asko ibili ginen elkarrekin, Benasquen (bazituen berak han xake txapelketak) eta lagun onak ditugu. Haiek Anetoko maratoia prestatzen ari dira ekainaren 10erako, gonbidatu egin naute, eta proba hori prestatzen ari naiz…7 hilabete ditut horretarako.

Eta orain lehiatzen ez badut ere, kirolari lotua jarraitzen dut. Goi zerbitzuen enpresa sortu genuen, eta zerbitzuak (entrenamenduak eta abar) eskaintzen dizkiegu klubei eta kirolariei. Hasieran errugbiarekin  hasi ginen eta arraunlariekin ere bagabiltza. Eta egun erdiz, Decathlonen lanean aritzen naiz ere. Halaber, oraindik Espainiako hautatzailea naiz, 16, 18, eta 20 urtez azpiko kategorietan.

Bukatzeko aipatu iezaguzu, momentu berezi on bat.
Momentu on asko ditut, bereziki gogoratzen dut lehen aldiz Sydney-ko olinpiadetara  sailkatu nintzen unea eta baita munduko txapelketan bitan laugarren postua egin nituenekoak.

Eta txarren artean, 2001ean munduko hirugarren nindoala (familia guztia ia estadion zegoela, domina ospatzeko) deskalifikatu ninduteneko unea.

Baita ere gogorra izan zen, 2004an, nire garairik oparoenean, denboraldi kaxkarra egin eta olinpiadetara sailkatzeko markarik egin ez nuenean. Nahiz eta hurrengo urtean lortu nituen errekorrak eta markarik onenak.

Edonola, 20 urtez bizi izan naiz honetatik eta hori atletismo bezalako kirol batean ez da batere erraza, eta eskertua nago.

Mila esker Mikel, gurekin izateagatik !

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!