Nahia Zudaire, munduko onenen parean

2022.12.21 | EHKM, Emakumeak, Errekorrak, Igeriketa, Kirol Egokitua

Igerilari gipuzkoarrak Euskal Herriko errekorrak ditu paralinpikotan, 50, 100, 400 eta 800 metrotan, librean, 50 eta 100 tximeletan eta 200 estilotan

Argazkia: Gipuzkoako igeriketa Federazioa

 

Nahia Zudaire Borrezok (Usurbil, 2004), Euskal Herriko errekorrak ditu paralinpikotan, 50, 100, 400 eta 800 metrotan, librean, 50 eta 100 tximeletan eta 200 estilotan. Baina 400 metroak dira zubietarra sentitzen den gazte honen espezialitatea.

Egun on Nahia. Has zaitez zure biografíia azaltzen, mesedez.

Zubietan jaio nintzen (Lasarten egin dut bizitza gehien), eta 15 hilabete nituela aortan arazo bat nuela eta, operazio bat egin zidaten, eta horretan izandako konplikazio baten ondorioz medulako iskemia deitzen zaiona izan nuen. Harrez gero elbarria naiz.

Nola hasi zinen igeriketan lehiatzen?

Izan nuen gaitzak, hanketako giharretan eragiten du. Gurasoek, ahalik eta eragin txikiena izan zezan, igeriketara apuntatu ninduten, txikitatik. Eta 2012an, Lasarteko Buruntzaldea Taldean  sartu nintzen. Hasieran elbarritasunik ez zutenekin batera lehiatzen nuen. Baina 2015ean  desgaitasuna zutenekin lehiatzea probatu nuen Zarautzen, eta horretan jarraitzen dut, zehazki S8, SP7, SM8 kategorietan.

Azaldu iezaguzu pixkat zer diren kategoria horiek.

Elbarritasunen bat dugunon artean segun eta ze elbarritasun eta ze neurritakoa izan, bereiztu egiten da. Ez da erraza azaltzea… S1etik S10ra hanketako elbarritasuna dugunok gaude, 1ean handiena dutenak eta 10ean arinena dutenak. S11, S12 eta S13 ikusmeneko elbarritasuna dutenak dira, eta S14tik aurrera elbarritasun psikikoak dituztenak. Ni S8an sailkatua nago. Horrek esan nahi du elbarritasun arina dutenen arteko handiena dudala eta horien artean lehiatu behar dudala.

Zein da zure kirol ibilbidea?

Aipatu dizudan moduan Zarautzen hasi nintzen lehiatzen, 2015ean, 18 urtez azpiko Espainiako  txapelketan. 2017-18ko denboraldian lehen aldiz nazioartera salto egin nuen eta Europako txapelketan parte hartu nuen. Oso esperientzia ona izan zen. 2019an Londresen egin zen Munduko Txapelketan parte hartu nuen, jada absolutuen kategorian. Salto handia izan zen hori. 2020an oso gutxi lehiatu nuen, lesioak eta beste kontu batzuk tarteko. Pandemia etorri zenean, entrenamendu mota aldatu nuen, eta Gipuzkoako teknifikazio zentrora, Pako Ioldira, joan nintzen. 2021eko abuztuan, Tokion izan zen munduko paralinpiko txapelketan parte hartu nuen eta han lortu nituen nire markak.

Nolakoak dira zure entrenamenduak?

Astean 6 egunez entrenatzen dut. Normalean bi ordu igerilekuan eta gero ordu eta zerbait gimnasioan. Astean behin beste ordu bat sartzen dut igeriketan. Entrenamenduak teknifikazio zentroan izaten dira. Baina atsedenaldia ere oso inportantea da, eta gure mailako kirolari guztiok dugu gero nutrizionista, fisio eta kirol psikologo baten laguntza.

Nola uztarten da hori  dena, ikasketekin eta bizitza sozialarekin?

Egia esan, ondo antolatu behar da, eta asmatu  egin behar da osagarritzen. Hau nik egindako hautua da, nolabait lan bat bezala da ere eta muga batzuk ditu, baina neuk aukeratu dut.

Ze laguntza dituzu?

Laguntzak nire kirol emaitzen araberakoak dira. Azken bi urtetan emaitza oso onak atera ditut eta laguntza onak ditut, Basque Team-en eta abarren partetik.

Eta zer asmo dituzu epe motzean?

Munduko Txapelketa da Manchesterren datorren uztailean eta hara joateko sailkapena eskuratu eta han ondo ibilitzea espero dut.

Ze momentu on eta zein txar pasatu duzu zure kirol ibilbidean?

Horrela galdetuta ez zait ezer etortzen burura. Nik gauzak etorri behar dutelako etortzen direla uste dudan horietako naiz, eta etortzen denetik  ikasi eta sendotzen saiatzen naizen horietakoa. Egunerokoan bizi naiz. Adibidez, 2020an lesioa izan nuen eta denboraldi motza izan zen, baina ustet oso ondo etorri zitzaidala, gelditzera behartu ninduen, baina mentalki oso ahul nengoela ohartu nintzen eta indarberritzeko oso ondo etorri zitzaidan.

Eskerrik asko Nahia.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!