Orain arteko markak birrindu dituzte binakako Euskal pentatloian

2023.06.12 | EHKM, Errekorrak, Errrekor berria, Herri kirolak

Emakumezkoetan, 23.24ko marka jarri dute Arruti eta Arbelaitzek, aurrekoa 37 segundo hobetuz, eta gizonezkoetan, Gabirondo eta Telleriak hiru minutu eta erdi ondu dute iazko marka, 36.15eko denbora eginda

Argazkia: egursport.com

 

Euskal pentatloia lehiatu zuten pasa den igandean, hilak 11, Tolosako zezen plazan,  non emakumezkoetan, Nerea Arruti eta Amaiur Arbelaitzek osatutako bikoteak irabazi zuen, eta gizonekoetan, berriz, Julen Gabirondo eta Beñat Telleria nagusitu ziren. Bi bikoteek, gainera, orain arte indarrean zeuden markak hautsi zituzten, errekor berriak ezarrita.

Emakumeen finalak ireki zuen arratsaldea eta bertan Arruti eta Arbelaitzek aizkoran utzi zuten lehia erabakita. Arrutik, gainera, txinga eramaten eta korrika sekulako erakustaldia eman zuen. Barrena eta Errekondo bigarren iritsi ziren lasterketara baina, aizkoran egon zen aldea erabakigarria izan zen. Arrutik eta Arbelaitzek 23.24ko denbora egin zuten, iaz eurek jarritako marka (24.01) 37 segundo onduz. Barrena eta Errekondo bi minutu eta hamar segundora iritsi ziren, aizkora proba eta gero izan zuten hiru minutu pasako desabantaila zertxobait arinduta, eta Orbe eta Martinez hirugarren sailkatu ziren, 5.56ra.

Emakumeen III. Binakako Euskal Pentatloia:

1- Arruti-Arbelaitz 23:24  

2- Errekondo-Fernandez de Barrena 25.35

3- Orbe-Martinez 28.51

Gizonezkotan, lehia estuagoa izan zen, eta segundo batzuengatik soilik irabazi zuten Gabirondok eta Telleriak. Lehen txandan lehiatu ziren eta 36.15eko marka ezarri zuten, hartara hiru minutu eta erdi ondu zutelarik aurreko marka. 39.44koa zen iaz Izeta IV.ak eta Etxeberriak ezarri zuten errekorra, aurreneko lau sailkatuek aurten hautsi dutena.

Bigarren txandan Izeta IV.a eta Xabat Olaizola aritu ziren, eta eskura izan zuten garaipena, izan ere, bi plaza eskasen aldea izan zen bi bikoteen artean. Aizkora proba eta txinga eramatearen ostean bospasei segunduko aldearekin hasi ziren korrika, baina lasterka ezin izan zuten Telleria eta Gabirondok ezarririko erritmoari aurre egin.

Gizonen IV. Binakako Euskal Pentatloia:

1- Telleria-Gabirondo 36:15      

2- Izeta VI-Olaizola 36:34

3- Irazabal-Amade 38:33

4- Zelai IV-Zelai V 39:17

5- Zaldua-Mugertza III 40:23

6- Kañamares III-Otaegi 43:22

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!