Patxi Mongek munduko errekor berri bat ezarri du 55+ kategorian

2023.06.30 | EHKM, Errekor mundialak, Errekorrak, Errrekor berria, Igeriketa

Apnea estiloko 50 metroko proban erdietsi du errekorra, bidenabar hiru urrezko domina irabazi dituelarik

Argazkia: Igarondo Urpekoak

 

El Cairon (Egipto) jokatu berri dira master kategoriako hegats igeriketako Munduko Txapelketak non Patxi Mongek munduko errekor berri bat ezarri duen 55+ kategorian, bidenabar hiru urrezko domina irabazi dituelarik.

41 herrialdetako 350 igerilari elkartu ziren El Cairon, tartean, Igarondo Urpekoak taldeko Patxi Monge tolosarra. Mongek urrezko hiru domina erdietsi ditu, apnea estiloko 50 metroko proban, ur gaineko 50 eta 100 metroko probatan, eta gainera, bere kategoriako munduko errekorra ezarri zuen 16.65eko denbora eginda; txapelketa guztiko laugarren denbora onena izan zen.

Iazko udan, Calin (Kolonbia) lehiaturiko master mailako hegats igeriketako Munduko Txapelketan Mongek antzeko emaitzak lortu zituen ere: urrezko hiru domina irabazi zituen, eta honakoan bezalaxe apnea modalitateko proban, munduko errekor berria ezarri zuen, 16.86ko denborarekin, aurten ondu berri duen marka, alegia.

Bi igeriketa mota daude hegatsekin: urpeko igeriketa edo urperaketa, eta gainazalean igeri egitea. Lehenengoan, lehiakideak 100 eta 800 metro arteko distantziak egiten ditu aire konprimatuko botila edo zilindro batekin, urpekaritzan erabiltzen direnen antzekoa, baina bolumen txikiagokoa, uraren azpitik. 50 metroko distantzia apnean egiten da, hau da, arnasarik hartu gabe.

Gainazalean igeri egiteko, igerilariaren kopetan finkatuta jartzen den «snorkell» edo arnasteko hodi bat erabili behar da, eta arnasa hartzeko aukera ematen dio burua ur barruan sartuta mantentzen duen bitartean.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!