Picu Urriellu-ko lau aurpegiak bitan igo dituzte egun batean

2023.09.3 | EHKM, Errekor mundialak, Erronkak, Errrekor berria, Markak, Mendia

Javi Guzmanek eta Alex Gonzalezek 15 ordu eta 40 minutu behar izan dituzte erronka gauzatu ahal izateko, orotara 4.000 metro eskalatu dituztelarik

Argazkia: Javi Guzman eta Alex Gonzalez

Duela urte batzuk, Picu Urrielluko lau aurpegiak egun batean eskalatzea erronka handia bihurtu zen. Jakina, sokada batek baino gehiagok (ez askok) erdietsi dute helburua. Eta aipatu dugun bilakaera horri erantzunez, badira plus bat gehiago emateko prest agertu direnak.

Joan den hilabetean, Javi Guzman eta Alex Gonzalez eskalatzaileak gai izan ziren Europako Mendietako ikur berezi horrek dituen lau aurpegiak bitan igotzeko. Eta, gainera, egun bateko jarduera luzean: 15 ordu eta 40 minutuan. Azkar eta arin ibili ziren aukeratutako zortzi bideetan. Mendebaldeko horman: “Rabada-Navarro” (2:22, 750 m) eta “Murciana” (2:13, 550 m). Iparraldekoan: “Pidal-Cainejo” (33 minutu, 500 m) eta “Panico terminal” (2:10, 500 m). Ekialdekoan: “Cepeda” (47 minutu, 550 m) eta “Espejismo de verano” (1:16, 500 m). Eta hegoaldekoan: “Victor” (30 minutu, 330 m) eta “Directa de los Martinez “ (33 minutu, 320 m).

Zortzi bide eta 4.000 metroko eskalada egun batean egitea ez da kontu arrunt bat. Goizeko lauretan D eguna hasi zen. Zailtasunari begiratuta, asmoa horma gogorrenarekin hasi eta samurrenarekin amaitzea izan zen. Mendebaldeko aurpegiko “Rabada-Navarro”-n oso arin sartu ziren. Nahiz eta gauez eskalatzen ari ziren, erritmoa oso ona zen. Ezuste ederra hartu zuten gailurrean. Bide klasiko zein historiko hori gau itxian bi ordu eta 22 minutuan sinatu zuten. Lehen igoera horrek baikor utzi zituen, eta biok ala biok proiektu guztia biribiltzeko aukera haundia zutela sinetsi zuten.

Jaitsiera ia korrika egin eta kopetako-argia kendu gabe “Murciana”-rekin hasi ziren. Bidearen erdira heltzeko, bi luze, eta handik amaiera arte beste bat egin zituzten. Koordinazioak eta elkarren arteko konfiantzak indar handia hartu zuten. 2 ordu eta 11 minutu. Denbora hori behar izan zuten tontorrean dagoen Ama Birjina berriro besarkatzeko.

Mendebaldeko horma atzean utzi eta iparraldekora abiatu ziren. “Pidal-Cainejo” luze bakar batean eta 44 minutuan igo zuten. “Panico terminal” izan zen iparraldeko horma igotzeko aukeratutako bigarren bidea. Bide honek 2 ordu eta 10 minutuko esfortzua eskatu zien.

Proiektuaren hirugarren etapa zain zuten: ekialdeko horma. Trumoiak jotzen zuen bitartean, “Cepeda” 47 minutuan igo zuten. Giroa gaiztotzen hasi zen. Nahiz eta “Espejismo de verano” helburua zen, nahastu eta “Pajaro locon”-n sartu ziren. Atzera egin eta eskalatzen hasi ziren.

Amaiera aldean zeuden; soilik hegoaldeko aurpegiaren azken bi bideak falta zitzaizkien. Nahiz eta oso nekatuta zeuden, marra bakoitza ordu erdian igo zuten. Azkenean, zortziak izateko 40 minutu falta zirenean, azken gailurra zapaldu zuten. 15 ordu eta 40 minutuko aktibitatea non-stop eran, erronka handi hau gauzatzen lehen sokada izan dira.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!