Sarah Ugartek eta Raul Criadok irabazi dute Leyre Trail mendi lasterketa

2022.10.24 | EHKM, Mendi lasterketak

Bi irabazleak errekorretatik urrun geratu ziren, izan ere, 2019an Manuel Merillasek 1:49:24ko marka egin zuen eta urte berean Ainhoa Sanzek emakumezkoen errekorra ere ezarri zuen (2:07:01)

Argazkia: trotecuto.com

 

Pandemiak eragindako bi urteko etenaldiaren ostean, V. Juan Migueliz Leyre Trail mendi lasterketa lehiatu zen pasa den larunbatean, hilak 22, non 300 korrikalari inguru aritu ziren nor baino nor gehiago.

Goizeko 10:30ean atera ziren korrikalariak Leireko monasteriotik gertu, 21 kilometroko ibilbideari (1.400m+) aurre egiteko asmoz. Kilometro horietan mendilerroaren isurialde batetik eta bestetik ibili ziren, Portillo de la Cerrada eta Hartzaren Pasabideko 750 metroko altueratik El Castellarreko 1.286 metrotara ailegatu zirelarik, ondoren Arbayungo balkoitik 1.000 metrora jaitsi eta Arangoitiko 1.356m-ra igotzeko.

Emakumezkoen lehian, Sarah Ugartek erdietsi zuen garaipena nagusitasun osoz. Tolosan bizi den donostiarrak 2 ordu 27 minutu eta 35 segundo behar izan zituen ibilbidea osatzeko. Axeriak taldeko lasterkariak, bost minututik gorako aldea atera zion Ines Patricio bigarren sailkatuari (2.32.47), eta burlatarraren atzetik helmugaratu zen, hirugarren postuan, Paula Leoz iruñarra (2.41.32).

Gizonezkoetan berriz, Canfranceko Raul Criado (2017an Kilometro Bertikaleko jaitsierako munduko errekorra gainditu zuena), izan zen azkarrena. Criado 1:53:17ko denborarekin helmugaratu zen, atzetik bigarren Ander Iñarra lezoarra (1:53:30) eta hirugarren Irunberriko Xabier Zarranz (1:57:28) sailkatu zirelarik.

Hala ere, bi irabazleak errekorretatik urrun geratu ziren, izan ere, 2019an Manuel Merillasek 1:49:24ko marka egin zuen eta urte berean Ainhoa Sanzek emakumezkoen errekorra ere ezarri zuen (2:07:01).

SAILKAPENAK

Emakumezkoak

  1. Sarah Ugarte (Axeriak MLT) 2:27:35
  2. Ines Patricio (Hiru Herri) 2:32:47
  3. Paula Leoz (CD Navarra) 2:41:32
  4. Emi Ugarte (Axeriak MLT) 2:43:32
  5. Lourdes Basterretxea (Erdella) 2:45:37

Gizonezkoak

  1. Raul Criado 1:53:17
  2. Ander Iñarra (Aldin) 1:53:30
  3. Xabier Zarranz (Txurregi) 1:57:28
  4. Asier Labairu (A4xKm) 1:57:46
  5. Javier Azcoiti (Irati) 2:02:13

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!