Serradeles de Barxetako traila irabazi eta probako errekor berria ezarri du Ainara Uribarrik

2023.01.26 | EHKM, Emakumeak, Errekorrak, Errrekor berria, Mendi lasterketak

Oñatiarrak 21 kilometro eta 1.100 metroko desnibela zuen ibilbidea 2 ordu, 6 minutu eta 11 segundutan osatu zuen, ordura arte Nuria Picas katalanaren eskuetan zegoen errekorra hautsiz

Argazkia: barxeta.es

 

Ainara Uribarrik 2022ari agur esan zion bere sasoi ona erakutsiz, ez bakarrik mendian, baita asfaltoan ere, izan ere, abendua ‘Los tres días de Eivissa’ Traila irabaziz hasi zuen eta ondoren maratoi erdiko Euskadiko txapeldunorde izan zen Gasteizen, Nerea Egiaren atzetik sailkatuta. Kanpaikada jo eta asfaltoko espezialistak gainditzeko zorian ere egon zen, lasterketa buruan izan baitzen azken bi kilometroetara arte.

Egia esan, 2022 oso urte ona izan da Uribarrirentzat. Brooks markarekin fitxatu zuen bi denboraldirako, eta nazioarteko lasterketa askotan hazi, ikasi eta gozatu du, baina 2023a ere sasoi betean hasi du.

Horren erakusle, pasa den igandean Barxetako Serradeles traileko 21 kilometroko proban eskuraturiko garaipena, marka berria ezarriz (2.06.11). Valentziako La Costera eskualdean jokatutako hitzorduak 1.400 kirolari baino gehiago bildu zituen hiru probatan.

21 kilometro eta 1.100 metroko desnibela zuen ibilbidea 2 ordu, 6 minutu eta 11 segundutan osatu zuen oñatiarrak, bigarren sailkatuari zortzi minutu pasatxoko aldea aterata. Oso indartsu hasi zuen lasterketa baina bosgarren kilometroan jeitsiera batean erorikoa izan ondoren erritmoa pixkat moteldu zuen, segurtasuna zaintzearren. Hala ere, garaipenarekin konformatu ez, eta ezarritako marka horrekin probako errekorra hautsi zuen, orainarte Nuria Picas katalanaren eskuetan zegoena.

Aurtengo egutegiari begira, gorriz markatuta ditu Uribarrik hurrengo probak: Zegama-Aizkorri (maiatzak 14), Sierre Zinal (abuztuak 12)  Suitzako alpeetan eta Lavaredo Dolomitetan (ekainak 24).

SAILKAPENA

1 Ainara URIBARRI MARTINEZ Gaikar Kirolak 2:06:11

2 Ana TAUSTE GALERA Lurbel Team 2:14:22

3 Pepi REQUENA MUÑOZ JoJo’s Trail l’Olleria 2:26:18

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!