Tigist Assefak maratoiko munduko errekorra lortu du

2023.09.25 | Atletismoa, EHKM, Emakumeak, Errekor mundialak, Errekorrak, Errrekor berria

2 ordu, 11 minutu eta 53 segundoko markarekin, Brigid Kosgei kenyarrak 2019ko Chicagoko Maratoian ezarritako munduko errekorra (2:14.04) bi minutuan hobetu zuen pasa den igandean Berlinen

Argazkia: worldathletics.org

 

Tigist Assefa Tessema (1996ko abenduaren 3a) etiopiar atleta da, distantzia luzeko lasterketan aritzen dena. Lehen, 800 metroetan lehiatzen zen, baina han ez zen bereziki nabarmendu eta gainera, Akilesen tendoian izan zuen lesio baten ondorioz, azkenean pista albo batera utzi eta errepideko lasterketak prestatzeari ekin zion.

Lehiatzen 2018. urtean hasi zen, baina tartean pandemia egokitu zitzaion eta ia bi urte igaro zituen lehiatu gabe. Bere lehen maratoia, iazko apirilean, ez zen ona izan: bi ordu, 34 minutu eta segundo bateko marka egin zuen Riadeko maratoian, Saudi Arabian. Hala ere, sei hilabete geroago, iazko Berlingo Maratoian, historiako bosgarren markarik onena erdietsi zuen, 2 ordu, 15 minutu eta 37 segundoko denborarekin.

Bilakaera ikusgarria izan du harrezkeroztik eta pasa den igandean lehiatu zen Berlingo 2023ko Maratoian, Etiopiako atletak erakustaldia emanda nagusitu zen, munduko errekor berria ezarriz. Hamabosgarren kilometrora arte sei korrikalarik eutsi zioten haren erritmoari (bataz beste, hiru minutu eta zazpi segundoan kilometro bakoitza), baina ordaindu egin zuten gero. Lasterketaren bigarren erdia lehenengoa baino azkarrago egin zuen etiopiarrak.

Azkenean, marka ikaragarria eginda helmugaratu zen Assefa, 2 ordu, 11 minutu eta 53 segundo, Brigid Kosgei kenyarrak 2019ko Chicagoko Maratoian ezarritako munduko errekorra (2:14.04) bi minutuan hobetuta.

Assefaren hurrengo erronka 2024ko Parisko Olinpiar Jokoak dira. Lehenik eta behin, sailkatzea lortu behar du.

PALMARESA

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!