Urrakiko Igoeran errekor berria ezarri du Joseba Iraolak

2023.10.23 | EHKM, Errekorrak, Errrekor berria

02.45,778ko denborarekin, 2004tik Ander Vilariñoren eskuetan zegoen aurreko errekorra (02:47:24) hautsi zuen bizkaitarrak

Argazkia: Aitor Manso

 

Pasa den igandean Azpeitian lehiaturiko Urrakiko Igoeraren 41. edizioa berezia izan da auto lasterketa beteranoarentzat, izan ere, Joseba Iraolak marka berria ezarrita irabazi zuen eta aurtengoarekin agur esan duten Lagun Arteako Joxe Antonio Aranetak eta Joxe Labaka pilotuak omenaldi beroa jaso zuten sari banaketaren tartean. Gainera, ikustear dago 2023koa autoen Urrakiko Igoeraren azken aldia izango den ala ez, Lagun Arteak antolatutako azken edizioa izan baita honakoa eta eztago argi beste inor animatuko den antolakuntzaren erantzunkizuna hartzera.

75 ibilgailu aurkeztu ziren probara, eta parte hartzaileen zerrenda ikusita Joseba Iraola zen faborito nagusiena, bere ibilgailua beste maila batean baitago. Eta igarri moduan, entrenamendu saio eta bi eremu kronometratuetan Joseba Iraola nagusi izan zen eta errekor berria ezarri zuen lasterketan; 02.45,778ko denboran osatu zuen bizkaitarrak bigarren igoera. Bakarra izan zen hiru minutuetatik jaisten.

Bizkaitarrak, azken edizioko irabazlea, batez beste, 136 kilometro orduko abiaduran egin zuen hegan Urrakiko aldapetan. Bi tarte ofizialak hiru minututik behera egin zituen NP-01 Novarekin, eta 2004tik Ander Vilariñoren eskuetan zegoen aurreko errekorra (02:47:24) hautsi zuen. Aitor Mansorenak bigarren postua eskuratu zuen (Talex M3, 03:06.277) eta Iosu Beitia azkoitiarrak monoplazen podiuma osatu zuen bere speed car GTRarekin (03:15.719).

Bigarren sailkaturiko Aitor Mansok gainera, lehiaketan egindako proba eta postuei esker, Mendiko Euskadiko txapelketako garaikurra jaso zuen. Joseba Iraola ez da igoera batzuetan lehiatu eta horrek eragina izan du azken emaitzean.

Autoen sailkapenean berriz, Igor Urien (03:15.182) izan zen irabazlea, ondoren Iñaki Alberdi  (03:19.048) eta Jon Aranburu (03:19.887) sailkatu zirelarik.

Lehiaketa alde batera utzita, Joxe Labaka bertako pilotua izan zen jardunaldiko protagonista (hamargarren postua eskuratu zuen lasterketan, 03:25.083ko denborarekin), zeina besarkada batean urtu zen Jose Antonio Araneta lagun handiarekin. Biak omendu zituen Lagun-Arteak, lehiaketatik eta antolakuntzatik erretiratzea erabaki ondoren, hurrenez hurren. Labakak Aranetari oparitu zion elkarrekin egin zuten lehen rallyko argazkia, TVA rallykoa, 1982an.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!