Zelai III.ak errekor itzela ezarri du Bi Harri Txapelketan

2023.10.2 | EHKM, Emakumeak, Errekorrak, Errrekor berria, Harri-jasotzea, Herri kirolak

Mallabitarrak 41 altxaldi gauzatu zituen, marka ikusgarria inondik inora, iaz ezarritako errekorra zortzi altxaldirekin hobetuz

Argazkia: egursport.com

 

Pasa den larunbatean, Aritzbatalde pilotalekuan, bosna emakume eta gizon lehiatu ziren Zarauzko Bi Harri Txapelketan, Jai Txiki eta Mollarri harri baldarrekin, eta iazko txapeldunek, Karmele Gisasola Zelai III.ak eta Mikel Lopetegi Urrak, garaipena berretsi zuten.

Jai Txiki eta Mollarri izeneko bi harri irregularrei altxaldi gehien egiten zizkion harri-jasotzaileak jantziko zuen txapela, zazpi minutuko txanda bakarrean. Parte-hartzaile bakoitzak bi harriak txandakatu behar zituen. Gizonezkoetan, bi harrien pisua 117 eta 119 kilokoa da, eta emakumezkoetan, 63 eta 51 kilokoa.

Emakumezkoetan orainarte jokatuak ziren bi edizioetan Karmele Gisasola nagusi izan zen. Iaz ezarri zuen bizkaitarrak proba honetako erregistrorik onena, 33 jasoaldirekin. Aurten, lau aurkari izan ditu Gisasolak: aurreko urtean bigarren izandako Ainitze Zumeta, Lierni Osa, Maddi Gesalaga eta Eider Garcia Durana.

Lehia bizia izan zen Aintzine Zumetaren eta Gisasolaren artean. Zumeta konfiantzaz plazaratu zen, abuztuan Uliako Harria irabazita, eta bere txanda hasi bezain pronto, nabarmendu zen lan polita egitera zihoala. Eta halaxe izan zen: Gisasolaren iazko 33 jasoaldiko errekorra hautsi zuen, 37 altxaldian utzita.

Ondoren aritu zen mallabitarra, eta hasieratik errtimo ederra ezarrita, bere marka ondu zuen lehenik, eta ondoren Zumetarena. Azkenean, 41 altxaldi gauzatu zituen Gisasolak, marka ikusgarria inondik inora, iaz ezarritako errekorra zortzi altxaldirekin hobetuz.

Gainerako parte hartzaileei dagokionez, 15 urteko Maddi Gesalagak egundoko saioa egin zuen 21 altxaldi lotuta, Eider Garcia Duranak 27 jasoaldi  egin zituen bere estreinaldian eta Lierni Osak 31 altxaldi erdietsi zituen, bere marka sobera hobetuz.

EMAKUMEEN SAILKAPENA

  1. Karmele Gisasola Zelai III.a: 41 jasoaldi (20 Jai Txiki eta 21 Mollarri)
  2. Ainitze Zumeta: 37 jasoaldi (19 Jai Txiki eta 18 Mollarri)
  3. Lierni Osa: 31 jasoaldi (16 Jai Txiki eta 15 Mollarri)
  4. Eider Garcia Durana: 27 jasoaldi (14 Jai Txiki eta 13 Mollarri)
  5. Maddi Gesalaga: 23 jasoaldi (11 Jai Txiki eta 12 Mollarri)

Gizonezkoetan berriz, Urra izan zen berriz ere txapeldun, baina Paulo Azpizuk gauzak zail jarri zizkion; 26na jasoaldi egin bazituzten ere, zarauztarrarentzat izan zen garaipena pisu gutxiago duelako. Azpiazuk 22 altxalditan zuen bere marka, eta lau gehiagorekin hobetu zuen, lan konstantea eginda. Urra, ordea, nahiko urruti geratu zen bere 31 altxaldiko errekor horretatik.

Bigarren koska batean geratu ziren Xabat Olaizola eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a, orpoz orpo, 20 eta 19 altxaldirekin. Bosgarren Gari Garmendia idiazabaldarra izan zen, bere debutean 14 jasoaldi lortu zituela.

GIZONEN SAILKAPENA

  1. Mikel Lopetegi Urra: 26 jasoaldi (13 Jai Txiki eta 13 Mollarri)
  2. Paulo Azpiazu: 26 jasoaldi (13 Jai Txiki eta 13 Mollarri)
  3. Xabat Olaizola: 20 jasoaldi (10 Jai Txiki eta 10 Mollarri)
  4. Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a: 19 jasoaldi (10 Jai Txiki eta 19 Mollarri)
  5. Gari Garmendia: 14 jasoaldi (7 Jai Txiki eta 7 Mollarri)

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!