2023ko Donostiako Klasikoa uztailaren 29an egingo da

2022.12.22 | EHKM, Txirrindularitza

Egungo munduko txapelduna den Remco Evenepoelek lasterketako historian sartzeko helburua dauka, hirugarren garaipen bat lortu eta Marino Lejarretak 1987tik daukan errekorra berdinduz

Argazkia: klasikoa.eus

 

Pasa den hilabetean UCIk modu ofizialean eman zuen 2023ko denboraldiko egutegiaren berri. Egutegi horretan, bere horretan jarraituko dute OCETA kirol-elkarteak antolatzen dituen 3 probek: Itzulia, Itzulia Women eta Donostiako Klasikoa.

Donostia Klasikoa, Euskal Herriko Donostia hirian eta inguruan urtero abuztuan ospatzen den txirrindularitza-lasterketa klasiko bat da. 1981an sortu zen, lehen ekitaldia Marino Lejarreta euskal txirrindulariak irabazi zuen eta bera da garaipen gehien lortu dituen txirrindularia, hiru aldiz irabazi baitu.

2023an beraz, Donostiako Klasikoa uztailaren 29an egingo da, Frantziako Tourra amaitu eta astebetera, ohi bezala. Proba honek gero eta ospe handiagoa du nazioartean, eta, ikuskizuna 2022an bezalakoa izango delakoan daude.

Izan ere, besteak beste, Remco Evenepoel munduko txapelduna arituko da bertan. 2022an emaitza onenak eskuratu dituen txirrindulariak baieztatu du Donostiako Klasikoan egongo dela, eta ez edonolako helburuarekin. Hirugarren aldiz garaipena lortu eta Marino Lejarretak duela 35 urte ezarri zuen errekorra berdintzea.

Aurtengo edizioan erakustaldia eman zuen flandriarrak. Helmugatik 45 kilometrora jo zuen erasoa eta hortik aurrerakoak bakarrik egin zituen.

Garaipen honetaz aparte, sekulako denboraldia borobildu du Quick Step taldeko txirrindulari gazteak. Udaberrian Liege-Bastogne-Liege bereganatu zuen, irailean Vuelta poltsikoratu eta bi aste beranduago munduko txapeldun bihurtu zen Australian. Beste hainbat garaipen lortu zituen Valentzian, Algarven, Norvegian eta Belgikako erlojupeko txapelketan, Donostian eskuratutakoarekin batera.

2023an abuztuan Glasgown egingo diren munduko txapelketetan ortzadar maillota defendatu nahiko du, baina astebete lehenago, Donostiako Klasikoaren historian sartzeko helburua dauka, hirugarren garaipen bat lortu eta Marino Lejarretak 1987tik daukan errekorra berdinduz.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!