50 urte bete dira Eddy Merckxek orduko errekorra ezarri zuenetik

2022.10.25 | Errekorrak

1972. urteko urriaren 25ean, Mexikoko Agustin Melgar belodromoan, 1968an Ole Ritterrrek egindako marka (48,653) 788 metrogatik hautsi zuen txirrindulari belgiarrak, 49,431 kilometro eginda

 

Maila profesionalera pasatu bezain laster, 1965ean egin zioten lehen elkarrizketetako batean, Eddy Merckxek esan zuen bere helburuak Tourra irabaztea eta orduko errekorra gainditzea zirela. Lau urte baino gutxiago behar izan zituen Frantziako lasterketa irabazteko, zeina gerora beste lau aldiz irabazi zuen. Baina orduaren errekorra ez zuen zazpi urte beranduago arte hautsi, 1972ko urriaren 25ean alegia.

Lehen aldiz 1969an mahairatu zen saiakera, baina Bloisen istripu larriak errotik moztu zuen edozein aukera. 1971n hartu zuen denboraldi horretan bertan edo hurrengo urtekoan saiakera egiteko erabakia. Baina helburu hori ez zuen gehiegi planifikatu, eta soilik irailaren amaieran hasi zen saiakera seriotasunez aztertzen.

Eta prestaketa ere nahiko sinplea izan zen: denboraldi amaierara sasoirik onenean iristea eta egoera hori baliatzea. Kontutan hartu behar da ordurako eskarmentua bazeramala Merckxek, izan ere, 120 egun eginak zituen lasterketa ezberdinetan, 50 garaipen erdietsita zituelarik urte horretan, besteak beste, Milan-San Remo, Flecha Valona, Lieja-Bastogne-Lieja, Italiako Giroa, Frantziako Tourra edo Lombardiako Giroa.

Altitudearekiko egokitzapenari dagokionez, ez zegoen Mexikon denbora gehiegi egoteko prest, hara iritsi nahi zuen eta handik egun gutxira saiakera burutzea zen asmoa. Erronkaren finantziazioaren inguruan, ez zuen izan babesleen laguntza handirik eta bere poltsikotik 20.000 dolar jarri zituen helburua lortzeko.

Errekorraren alderdirik iraultzaileena Ernesto Colnagok egindako bizikleta izan zen, superarina, titaniozko erradioekin, bielak, eskulekua eta beste elementu batzuk zulatuz pisua murrizteko, azkenean 5,9 kilo inguruko pisua zuen txirrindula egokitu zutelarik, 200 ordu baino gehiagoko lanaren ondoren.

Urriaren 21ean abiatu zen Mexikora, gauez iritsi zen eta hurrengo goizean belodromoa probatu zuen, hurrengo egunera arte itxaron zuelarik saioa egiteko. Baina ekaitz batek belodromoaren egoera trakestu zuen eta Merckxen etsipenerako egun batzuk itxoin behar izan zituen.

Azkenean, urriaren 24ko arratsalde-gauean berriro entrenatzeko aukera izan zuen, eta hurrengo egunean erronkari ekiteko deliberoa hartu zuen, 1968. urtean Ole Ritterrrek egindako marka (48,653) hobetzea alegia.

Urriaren 25ean, asteazkena, goizeko zazpiak hamar gutxiagotan Agustin Melgar belodromoko pistan zegoen eta 8:56an berriz, ahaleginari ekin zion, Europatik etorritako 50 kazetari eta 2.000 ikusleren aurrean.

Irteera ziztu bizian hartu zuen txirrindulari belgiarrak: 1:10 baino gutxiago lehen kilometroan eta 5:55 5. kilometroan. 20 kilometrorako Ritterrekiko aldea hamaika segundokoa zen eta ordurako Merckxek marka hautsi behar zuela argi zegoen.

Baina 40. minutuan ahulezia erakusten hasi zen, batez ere 42-48 kilometroen bitartean, eta horrek eragotzi zion 50 kilometrotik gora egitea. Hala ere, bere erritmo onena berreskuratu eta 49,431 kilometro egin zituen, aurreko errekorra 788 metrogatik hautsiz.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!