Argazkiak: egursport.com
Igande honetan, ekainak 12, jokatu zen Tolosako zezen plazan III. Gizonezkoen Binakako Euskal Pentatloi finala, bertan lau bikote aritu zirelarik lehian txapelaren bila: Xabier Zaldua eta Jagoba Otaegi; Aritz Irazabal eta Bernat Amade; Gorka Etxeberria eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a; eta Aratz Mugertza eta Julen Kañamares.
Bost proba egin behar izan zituzten kirolariek: 100 kiloko bolari berrogei jasoaldi eman, giza proban 400 kiloko harriarekin lau plaza egin, aizkoran lau kanaerdiko moztu, txingekin zortzi plaza egin eta lau kilometro korrika.
Azkenean, Izeta VI.a eta Etxeberria izan ziren azkarrenak, 39 minutu eta 45 segundotan amaitu baitzituzten lanak. Gainera, iaz Andoni Iruretagoienak berak bere osaba Jexux Mari Iruretagoienarekin batera II. Mahala Binakako Euskal Pentatloi finalean egindako marka (40 minutu eta 24 segundo) haustea lortu zuten. Nagusitasunez irabazi zuten norgehiagoka, eta 40 segundotan hobetu zuten aurrez ezarria zegoen marka.
Bigarren tokian Xabier Zaldua Banakako txapelduna eta Jagoba Otaegi sailkatu ziren, hiru minutu eta hiru segundora eta hirugarren Amade eta Irazabal bizkaitarrak izan ziren hiru minutu eta 39 segundora. Finaleko laukotea Mugertza III.ak eta Kañamares III.ak osatu zuten, 46 minutu eta 40 segundoko denbora egin zutelarik.
Sailkapena
1 Gorka Etxeberria eta Andoni Iruretagoiena 39:45
2 Xabier Zaldua eta Jagoba Otaegi 42:48
3 Aritz Irazabal eta Bernat Amade 43:23
4 Aratz Mugertza eta Julen Kañamares 46:40
0 Comments