Ager Solabarrietak munduko bi errekor hautsi ditu, tiro egokituko Europako Txapelketan

2022.04.22 | EHKM, Errekorrak, Errrekor berria, Gizonak

Zutikako modalitateko sailkapenean munduko errekorra (561.3 puntu) egin zuen asteartean, eta etzandako modalitateko osteguneko proban, beste errekor bat jarri zuen, 616.6 puntu pilatuta

Argazkiak: ONCE

 

Ager Solabarrieta Txakartegi (12/07/1972, Ondarroa) etzandako modalitatean nagusitu da, ikusmen urritasuna duten pertsonentzako aire karabinan, hamar metrokoan.

Joan den asteartean, Agerrek zapore gazi-gozoa hartu zuen Hamarren (Norvegia) jokatzen ari den tiro egokituko Europako Txapelketan. Zutikako modalitateko sailkapenean Munduko errekorra (561.3 puntu) hautsi zuen arren, eztia ezpainetan zuela geratu zen laugarren postuan amaitu ondoren.

Ostegunean berriz, martxoak 17, etzandako modalitateko proban, bere gidari eta emaztea den Maite Badiolaren laguntzarekin, maila bikaina erakutsi zuen eta onena izan zen sailkatze txandan. Gainera munduko beste errekor bat lortu zuen, 616.6 punturekin. Jarraian, finalean, hasieratik izan zen jaun eta jabe. Zehaztasun paregabez, lehiakideekiko distantzia handitzen joan zen pixkanaka.

Barbara Moskal poloniarrak presioa egin zuen arren (237.9), Ager Solabarrietak irabazi zuen urrea, 242 puntu pilatuta. Erretinosi pigmentarioak jota, Ager 2015etik ari da nazioartean lehiatzen, eta honakoan bere ibilbideko lorpen garrantzitsuenetako bat erdietsi du. 2019an zilarra irabazi zuen Osijekeko (Kroazia) Munduko Kopan.

Itsuek eta ikusmen-urritasun handia dutenek tiro olinpikoa egin ahal izateko, aire konprimituko karabina bat erabiltzen da, 5 kg pisatzen duena, eta mira teleskopiko berezi batez hornituta dagoena. Mira honek argia soinu bihurtzen duen zirkuitu elektroniko bat dauka. Xedearen gaineko argiaren intentsitatearen arabera, soinu-intentsitateko tonu bat emango da. Mira teleskopikoak argiaren isla jasotzen du dianatik, horrela, jaurtitzaileak, erabiltzen dituen entzungailuetan, dianaren kokapenaren inguruko «laguntza» senti dezake. Oso modalitate teknikoa da, errepikapen askotan oinarritua, eta gorputzaren kokapena eta arnasketa oinarrizkoak dira.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!