Argazkia: @BATbasqueteam
Ager Solabarrieta Txakartegik (12/07/1972, Ondarroa) zutikako modalitatean munduko errekor berria ezarri du, ikusmen urritasuna duten pertsonentzako aire karabinan, hamar metrokoan, Chateaurouxen (Frantzia) jokaturiko Munduko Kopan.
Txapelketan zilarrezko bi domina irabazi ditu ere (zutikako zein etzandako modalitateetan), baina esan bezala zutikako modalitatean aurretik berak ezarritako errekorra puskatu zuen pasa den asteburuan.
Martxoan, Solabarrietak Hamarren (Norvegia) jokaturiko tiro egokituko Europako Txapelketan, zutikako modalitateko munduko errekorra (561.3 puntu) ezarri zuen, nahiz eta ezin izan zuen dominarik bildu, laugarren postuan sailkatu zelako. Orduko hartan, etzandako modalitateko proban, maila bikaina erakutsi zuen eta garaipena eskuratzeaz aparte munduko beste errekor bat lortu zuen, 616.6 punturekin.
Gauzak horrela, lehiatu berri den Europako txapelketan guztira 578 puntu bildu zituen zutikako modalitateko sailkatze fasean, hartara munduko errekorra berriro hautsi duelarik.
Erretinosi pigmentarioak jota, Ager 2015etik ari da nazioartean lehiatzen. Itsuek eta ikusmen-urritasun handia dutenek tiro olinpikoa egin ahal izateko, aire konprimituko karabina bat erabiltzen da, 5 kg pisatzen duena, eta mira teleskopiko berezi batez hornituta dagoena. Begi-puntu honek argia soinu bihurtzen duen zirkuitu elektroniko bat dauka. Xedearen gaineko argiaren intentsitatearen arabera, soinu-intentsitateko tonu bat emango da. Begi-puntu teleskopikoak argiaren isla jasotzen du dianatik, horrela, jaurtitzaileak, erabiltzen dituen entzungailuetan, dianaren kokapenaren inguruko «laguntza» senti dezake. Oso modalitate teknikoa da, errepikapen askotan oinarritua, eta gorputzaren kokapena eta arnasketa oinarrizkoak dira.
0 Comments