Argazkiak: barren.eus
Ioritz Leiaristik irabazi zuen pasa den larunbatean lehiaturiko LaRoita apostua, Iban Rogel eta Antxon De la Arada gaindituta Karakateko gailurrean, Mutrikun 600 metro igeri egin, Elgoibarrera bizikletan joan eta Karakateko gailurrera korrika egin ondoren.
Leiaristik gainera, 1:23:56ko denbora eginda, Iker Odriak iaz ezarritako errekorra ondu du. Orduko hartan, Odriak ordu bat eta 24 minutu eta 50 segundoko denbora behar izan zuen proba osatzeko (3 minutu eta erdiko aldea izan zuen De La Aradarekiko).
Kirol erronka bitxia da honakoa, lagun arteko pikea bailitzan hasi zen, baina sare sozialen bidez berotzen joan zen, eta, azkenean, sekulako oihartzuna izan zuen elgoibartarren artean.
Oraingo honetan, LaRoita taldeko hiru kidek (Antxon de la Arada, Ioritz Leiaristi eta Ivan Rogel) hartu zuten parte ekitaldian, eta iazko ibilbide beretik joan ziren, Debabarreneko sei udalerrietako lautik eraman zituzten probekin.
Larunbat goizean, 09:30ean, eman zitzaion hasiera probari eta egin beharreko lana iazko bera izan zuten: Mutrikuko portuan 600 metro igerian egin, portuan bertan bizikleta hartu eta Kalbarioko gaina igo ondoren, Mendaro zeharkatu zuten N-634 errepidetik Elgoibarko Kalegoen plazara iristeko. Azkenik, korrika osatu zuten Kalegoen plazatik Karakateko tontorrera arteko bidea, Soraluzen.
Azkenean lanak osatzen azkarrena Ioritz Leiaristi izan zen. Ivan Rogelek egin zuen bigarren, lehenengoarekiko 5:43ra iritsita, eta Antxon De la Arada sailkatu zen hirugarren.
Apustuak ikusmin handia sortu zuen Elgoibarko eta inguruko gazteen artean, eta 1.860 ikustaldi baino gehiago izan zituen Youtube kanalaren bidez eman duten zuzeneko emankizunak.
0 Comments