Argazkia: Antzuola Kirol Elkartea
Herriko plazatik Gorlara korrika igo eta jaitsiz Jose Inazio Garitanok 1963an ezarritako errekorra gainditzeko ahalegina antolatu dute igande honetan, maiatzak 22.
Orduko hartan Garitanok 34 minutu eta 46 segundotan osatu zuen ibilbidea eta berak gonbidapena luzatua zien inguruko gazteei erronkan parte hartu eta 59 urteren ondoren marka hori gainditzen saiatzeko.
Duela lau urte, 2018an, antolatu zen berriz proba eta bost lagun lehiatu ziren. Aimar Larrea izan zen irabazlea eta errekorretik bi minutu eta 17 segundora geratu zen, 37:03 denborarekin.
Aurten berriz, bi korrikalari animatu ziren, antzuolarrak biak: mendi lasterketetan eta krosean hain ondo dabilen Ibai Larrea, Aimarren anaia, eta eskarmentu handiagoko Jon Iturbe.
Goizeko hamaika eta erdiak puntuan eman zitzaion hasiera lasterketari. Bideak garbitu zituzten aurreko egunotan inork min har ez zezan eta 2018an baino hobeto zeuden.
Gorlako aterpetxera 20 minutu eta 40 segundotan heldu zen Larrea, gorako zatia osatuz. Ordu laurden baino gutxiago zuen herrigunera itzultzeko, errekorra gainditu nahi izanez gero behintzat eta indarrak ondo neurtuta errekor berria ezarrita zapaldu zuen helmuga, 32:02ko denborarekin.
Hemeretzi urte ditu Larreak, Gipuzkoako kros txapelduna da eta maila oneko atleta izanik, sasoian dagoela erakutsi eta bi minutu eta 44 segundo jan zizkion Garitanoren markari.
Jon Iturbe, berriz, 38 minutu eta 24 segundotan helmugaratu zen. Marka horrekin bigarren sailkatuko zen duela lau urteko ekitaldian.
0 Comments