Argazkia: Atletismo Tolosa CF
23 urtez azpiko Estatuko txapelketa Santanderren jokatu zen pasa den asteburuan eta bertan Joseba Larrauri Alargunsoro (2002/05/05) irurarrak 23 urtez azpiko Euskal Herriko errekorra hautsi zuen igandean, 200 metroko proban, 21.01ko denbora eginda.
Txapelketa horretan, Tolosa CF-ko atletak, zilarrezko domina eskuratu zuen 200 metroko proban, 2019an 18 urtez azpikoen kategorian lortutako brontzea hobetuz. Podiuma beste gipuzkoar batek osatu zuen, Andoni Calbanok, 21.09ko denborarekin.
Aipatu errekor hori Andoni Calbano Osinagaren (11/12/2000) eskuetan zegoen, pasa den maiatzaren 21ean Donostian lehiaturiko Euskadiko Lehen Mailako Kluben Txapelketan, bergararrak 200 metroak korritu zituelako 21.04an (+1.0), marka berria eginda. Ordura arte, 23 urtez azpiko errekorra Andres Gomezek (EHU) egina zuen, 1995. urteko uztailaren 5ean Gasteizen egindako 21.13ko markarekin.
Halaber, Larraurik, 20 urte soilik dituela, orain arte Juanjo Pradok (1956ko otsailaren 4an jaioa) zuen 200 metroko Gipuzkoako errekorra hautsi du ere, maila absolutoan, bi ehunenetan hobetuz. Ia 37 urte dira Juanjo Pradok 21.03ko denboran gelditu zuela erlojua Seulen. Orduko hartan, 1985. urteko irailaren 14an, Juanjo Pradok hegan egin zuen 200 metroko proban, eta Gipuzkoako errekor absolutoa ezarri zuen, hiru hamarkada baino gehiago indarrean egon dena.
Joseba Larrauri atleta irurarra denboraldi bikaina egiten ari da, markak hobetuz eta dominak eskuratuz eta ziur gaude Euskal Herriko errekor hau ez dela hautsiko duen azkena izango.
0 Comments