Argazkia: Sanu Xerpa
Sanu Sherpa nepaldarra hamalau zortzimilakoetara bi aldiz igo den munduko lehen pertsona da, pasa den ostegunean Naoko Watanabe japoniarraren gidari gisa Gasherbrum II (8.035 m, Pakistan) mendian gailurra egin ondoren. Gainerako igoeretan bezala, altuerako gida gisa eta oxigeno osagarria erabiliz egin zuen lan nepaldarrak.
Sanu Xerpa Makaluko eskualdean jaio zen, familia txiro batean. 2005. urtean Katmandura joan eta han eman zioten bere lehen lana. 2006. urtean, berriz, espedizio korear batekin Cho Oyura joateko aukera izan zuen. 2019an hirugarren nepaldarra izan zen hamalau zortzimilakoak igotzen, Dhaulagiri igo ondoren. Dhaulagiri 2021ean errepikatu zuen, Annapurna, K2 eta Lhotse mendiekin batera, eta 2022rako utzi zituen azken hiru tontorrak: udaberrian Kangchenjunga eta Makalu menderatu zituen, eta orain Gasherbrum II-ko gailurra zapaldu du, munduko hamalau mendi garaienak bi aldiz igotzen dituen lehen mendizalea izan delarik.
Hamalau zortzimilakoak bikoizteko proiektua Juanito Oiartzabali otu zitzaion lehen aldiz. Euskal mendizaleak 2009an jarri zuen martxan helburu hori, baina 2012an eten behar izan zuen, osasun arazoengatik. Juanitori lau gailur geratu zitzaizkion amets hori betetzeko: Broad Peak, Nanga Parbat, Dhaulagiri eta Shisha Pangma.
Zortzimilakoak itsas mailatik 8.000 metro baino gehiagoko altuera duten 14 mendiak dira eta guztiak Himalaia eta Karakorum mendikateetan daude, Asian.
Sanu Sherparen zortzimilakoak:
1.- Cho Oyu – 2006, 2008
2.- Manaslu – 2011, 2016, 2020
3.- Everest – 2007, 2009, 2012, 2013, 2016
4.- Lhotse – 2008, 2021
5.- Shisha Pangma – 2006, 2011
6.- K2 – 2012, 2021
7.- Gasherbrum I – 2013, 2019
8.- Kanchenjunga – 2014, 2022
9.- Broad Peak – 2014, 2017
10.- Annapurna – 2016, 2021
11.- Nanga Parbat – 2017, 2018
12.- Makalu – 2019, 2022
13.- Gasherbrum II – 2019, 2022
14.- Dhaulagiri – 2019, 2021
0 Comments