Argazkia: RFEA
Asier Martinezek urrezko domina lortu zuen iragan asteazkenean, hilak 17, Munichen jokaturiko Europako Txapelketan, 110 metroko hesidun proban garaipena erdietsita, 13,14 segundoko markarekin. Finalean, milaren bakarragatik hartu zuen mendean Martinot-Lagarde frantziarra.
Gainera, Europako Txapelketa irabazteaz gain, Zizur Nagusiko kirolariak bere markarik onena (13,14) lortu zuen, aurretik bereak ziren Euskal Herriko errekor absolutoa zein 23 urtez azpikoa (13,17) hautsi zituelarik.
Asierren lehen afizioa altuera jauzia izan zen baina ondoren proba hesidunetan korrika egitera pasa zen, berehala nazioartean lehiatzeari ekin ziolarik, 2019ko 20 urtez azpiko Europako Txapelketan debuta egin zuelarik.
2021ean 23 urtez azpiko zein maila absolutoko 110 metro hesidunetako Euskal Herriko errekorrak erdietsi zituen, 13.22ko kronoarekin, bide batez Tokioko Joku Olinpikoetan seigarren postuan geratu zelarik.
Aurten, Eugenen (Oregon) lehiaturiko Atletismoko Munduko txapelketan, brontzezko domina irabazi zuen uztailean 2000. urteko apirilaren 22an jaiotako zizurtarrak. 13,17ko marka horrekin, jadanik bereak ziren Euskal Herriko 23 urtez azpiko zein absoluto mailako errekorrak egin zituen Martinezek, 110 metro hesidunetan.
Oraingoan baina, bere maila puntu bat gorago igo du Martinezek, izan ere, Zizur Nagusiko atletak 13.14ko marka egin zuen Munichen jokatu berri den Europako txapelketan, inoizko bere marka pertsonalik onena.
Finalerdian bosgarren kaletik aritu zen nafarra eta bere serieko lehena izan zen 13.25eko erregistroarekin. Serie bakoitzeko bi atleta onenak zuzenean sailkatzen ziren finalera, eta denbora onenak zituzten beste bi atletak gehitu zitzaizkien.
Final handian, nafarrak bere kalitatea eta abiadura erakutsi zituen urrezko domina zintzilikatzeko. Gainera, laugarren kaletik jardunda, historiako atleta handien antzera.
Irteeran, 0.149ko erreakzio-denbora izan zuen eta bitxia bada ere, lehen hesia bota zuen. Handik aurrera, Martinot-Lagarderekin izan zuen lehia oso estua izan zen, eta helmugako marraren gainean erabaki zen irabazlea, azkenean Martinezek milaren bategatik irabazi ziolarik Pascal Martinot-Lagarderi (bien denbora 13.14koa izan zen). Beste frantziar bat, Just Kwaou-Mathey, izan zen hirugarren, 13,33 segundoko markarekin.
Etxean bezala sentitu zen nafarra, izan ere, bere hurbileko jende andana gertu izan zuen uneoro animoak ematen eta balentria berri hau haiekin ospatzeko aukera izan zuen: bere aitarekin (amak ezin izan zuen joan izan) eta lagun guztiekin, alegia.
Beraz, urtebetean, hiru lehiaketa handi eta hiru emaitza ikusgarri kateatu ditu nafarrak: seigarren izan zen Olinpiar Jokoetan, hirugarren Munduko Txapelketan eta lehenengoa Europakoan.
0 Comments