Joseba Larraldek irabazi du Sarako Kontrabandisten Lasterketa

2022.08.30 | EHKM, Errekorrak, Lasterketak

2020an egindako bere errekorretik (39.17) urruti gelditu zen beratarra. Lasterketaren inoizko markarik onena Fernando Etxegaraik ezarri zuen 2006. urteko edizioa irabazitakoan, 38 minutu eta 36 segundutan helmugaratu zelarik.

Argazkia: sarakorrika.com

 

Naturan gaindi egiten den lasterketa hau Sara Korrika elkarteak antolatzen du, Sarako Herriko Etxearekin eta Euskal Elkargoko Turismo Bulegoarekin elkarlanean.

Sarako lagun talde batek 1961ean irudikatu eta sortu zuen Kontrabandisten lasterketa. Lehen edizio horren irabazlea Louis d ‘Olhette jauna (Urrugne) izan zen. Lasterkariak Sarako enparantzatik abiatu ziren, eta 25 kiloko zaku bat kargatu zuten Larruneko magaletan, herrira bueltan eraman zutena.

Kontrabandoa, “Gaueko lana” ere deitua, oso fenomeno hedatua izan zen herrialdeko gizon-emakumeen artean garai haietan, haien bizitza hobetzeko nahiak bultzatuta. Ez zen hori izan helburu bakarra haien jardunean, izan ere, kontrabandistek eta artzainek paper garrantzitsua jokatu zuten Bigarren Mundu Gerran. Mendia primeran ezagututa, iheslariak, pilotuak eta familia juduak Pirinioak zeharkatzen laguntzen aritu ziren (COMET sare ospetsua horren adibide).

Pasa den igande arratsaldean, 18:00etan egin zuten Kontrabandisten Lasterketa. Lasterkariek 8,4 kilometroko ibilbidea egin zuten Sarako plazatik abiatuta Zazpi Fagoko tontorreraino eta ohi bezala, galtza luze beltzekin eta kamiseta zuriarekin egin zuten ibilbidea.  Lasterketaren zati batean gizonezkoek zortzi kiloko zakua eraman zuten bizkarrean eta emakumezkoek lau kilokoa, garai bateko kontrabandisten lana gogora ekarriz.

32 lasterkarik hartu zuten parte eta Joseba Larralde beratarrak lortu zuen garaipena laugarren aldiz segidan, 41.31ko  denborarekin. Seigarren garaipena du Larraldek Saran, baina, 2020an egindako bere errekorretik (39.17) urruti gelditu zen. Guillame Levoy hendaiarra izan zen bigarrena (43.24) eta Mathieu Gachen saratarra hirugarrena (45.23).

Lasterketaren inoizko markarik onena Fernando Etxegaraik ezarri zuen 2006. urteko edizioa irabazitakoan, 38 minutu eta 36 segundutan helmugaratu zelarik.

Ainhoa Etxegarai beratarra izan zen parte hartu zuen emakumezko bakarra eta 55 minutu eta 04 segundoko denbora egin zuen.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!