Argazkia: egursport.com
Iragan ostiral arratsaldean jokatu zen Elgoibarko Aita Agirre plazan Taldekako Herri Kiroletako Emakumezkoen Triatloiaren lehenengo edizioa. Lau talde lehiatu ziren eta txapela Bizkaitar taldearentzat izan zen: Irati Astondoa aizkoran, Karmele Gisasola Zelai III.a harri jasotzean eta Garazi Arruti txingak eramaten.
Herriko plaza beteta zegoela aritu ziren herri kirolariak nor baino nor gehiago txapela etxeratzeko asmoz, bertan bildutakoek txalo zaparrada handiekin goraipatu zutelarik haien ahalegin eta sakrifizio handia.
Triatloia bi zatitan banatu zen, eta lehenengoan talde gipuzkoarra eta talde nafarra aritu ziren. Nafarrak nagusitzen hasi ziren eta modu berean amaitu zuten. Alde handiena aizkoran eman zen, non Nerea Sorondok errenta haundia eskuratu zuen eta hortik aurrera probaren buru izan ziren. Sousak eta Martinek beren espezialitateko lana ondo bete zuten eta aldea mantendu zuten. Hala ere, emoziorako tartea ere egon zen azkenean, Sorondo aizkolariak azken kanaerdikoan izerdia bota behar izan baitzuen Arrutiren aurretik bukatzeko.
Probaren lehen zatian emozio gogorrak izan baziren, bigarrenean areagotu egin ziren. Mintxetak eta talde bizkaitarrak ikuskizun zirraragarria eta parekatua eskaini zuten, aizkolarien espezialitatean erabaki zelarik lehia. Laiene Pikabea 17 urteko hernaniarra saiatu egin zen azken unera arte, baina ezin izan zuen Irati Astondoa espezialista handia gainditu.
Egurrola Arruti baino azkarragoa izan zen txingetan, eta Orbe eta Zelai III.ak, berriz, hogeita zortzi jasoaldi egin zituzten antzeko denboran. Azkenean, Astondoak bere taldearen denbora 15:30ean gelditu zuen, hartara Emakumezkoen lehen herri kirol triatloi honen garaipena eskuratu zutelarik, txapelketako lehen marka ezarriz. Bigarrenak nafarrak izan ziren, 16:54ko denborarekin, hirugarrenak gipuzkoarrak (17:05) eta laugarrenak Mintxeta taldekoak (18:27).
0 Comments