Bueltan da Artxandako Funikularreko Igoera

2022.09.22 | EHKM, Errekorrak, Lasterketak

Urriaren 29an lehiatuko den hirugarren edizio honetan, partehartzaileek errekorrak hausteko erronka izango dute: gizonezkoetan 7’46” (Aimad Bouziane, 2019) eta emakumezkoetan 11’50” (Amaia Munitxa, 2019)

Argazkia: artxandaut.com

 

Funikularraren bidean gora igotzeko lasterketa lehenago ere antolatu izan da, 2006an eta 2019an, hain zuzen, eta ordutik urteroko hitzordu bihurtzea erabaki zuten antolatzaileek (pandemiagatik ezinezkoa izan bada), funikularra 1915eko urriaren 7an abian jarri zeneko urteurrena oroitzeko.

Igoera Bertikaleko modalitateko lasterketa da, funikularraren bideetatik igarotzen dena. Lasterketa Artxandako funikularraren beheko geltokiko ataritik abiatzen da, eta helmuga funikularraren goiko geltokiaren kanpoaldeko plazan kokatuta dago.

Funikularraren trazaduraren 800 metroetan zehar abiatzen den probak, %38ko bataz besteko desnibela dauka (% 45eko gehieneko maldekin), Funikular Plazaren (Bilboko Castaños kalea) eta Funikularraren Goi Geltokiaren arteko 227 metroko desnibela osatu behar dutelarik lasterkariek.

Ibilbidea estua denez, proba formatu kronometratuan jokatzen da, eta atletak 10 segundotik behin irtetzen dira, gehienez 100 parte-hartzaile aritu daitezkeelarik. Gaueko ordutegian egingo da, urriaren 29an, larunbata, 22: 10etatik aurrera, Funikularraren zerbitzua amaitu ondoren.

Ingurua estua denez, ibilbidearen lehen zatian (tuneleko pasabidea) debekatuta dago aurreratzea. Tarte horretan, funikularreko bideen eskuinaldetik egin behar da lasterketa. Tuneletik kanpo ateratzerakoan, nahitaezkoa izango da funikularreko kablearen eta eskaileren artean joatea. Bagoiak gurutzatzeko tartearen eremuan (igoeraren erdialdea, errei bikoitzarekin), trenbideen eskuinaldetik igaro beharko da (eskailerak), eta berriro ezkerraldera egingo da, erreia berriro bakarra denean. Puntu horretatik aurrera eskaileretatik igo behar da beti, bidearen erdialdea aurreratzeko bakarrik erabiliz. Eskailerak amaitu ondoren, justu goiko geltokiaren azpian, ezkerreko irteera hartuko da, eta goiko geltokiko plazara (helmuga dagoen lekura) doazen eskaileretatik jarraituko da.

Parte-hartzaileek, gainera, probako errekorra hausteko pizgarria izango dute, 200 euroko saria jasoko duena. Sari hau metagarria da; beraz, urte batean errekorra hausten ez bada, hurrengo urtekoari gehituko zaio, eta horrela hurrenez hurren.

Hona hemen egungo errekorrak:

Gizonezkoak: 7’46” (Aimad Bouziane, 2019)

Emakumezkoak: 11’50” (Amaia Munitxa, 2019)

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!