Argazkia: Txurregi Mendi Lasterketa Taldea
Giro ederrean jokatu zen pasa den igandean, hilak 2, Etxarri Aranatzeko Mendira Joan Etorria lasterketaren 47. edizioa, non Ion sola eta Maria Ordoñez nagusitu ziren, 10 kilometro eta 572 metroko desnibel positiboa duen proban.
86 korrikalarik hartu zuten parte Udaberri Elkarteak Etxarri Aranazko Udalarekin eta Nafarroako Mendi eta Eskalada Kiroletako Federazioarekin batera antolatutako proba beterano honetan. 1976an bi lagunen apustu gisa sortu zen. Erronka, lortutakoa, Hartzabalera ordubete baino gutxiagoan igo eta jaistea zen.
Aurtengo lasterketan, Maria Ordoñez nagusitu zen emakumezkoetan, 51 minutu eta 28 segundoko denborarekin. Bigarren Laiane Arrospide tolosarra izan zen (59:34) eta hirugarren Maite Beregaña uharte arakildarra (1:01:07). Ordoñezek berak joan zen urtean ezarritako errekorra (52:14) apurtu zuen (51:28), 46 segundoan hobetu zuelarik.
Gizonezkoetan, Ion Sola izan zen irabazlea, 46 minutu eta 47 segundotan helmugaratuta. Hala ere, Juan Mari Garinek 42:50ean lortutako errekorretik oso urrun geratu zen iruindarra. Minutu pasa atera zion bigarren izan zen Aitor Blanco iruindarrari (47:32), Jokin Arretxeak (47:48) osatu zuelarik podiuma.
SAILKAPENA
Gizonezkoak
- ION SOLA TORRALBA 00:46:47 ANOTZ
- AITOR BLANCO URMENETA 00:47:32 TXANTREA
- JOKIN ARRETXEA LASTIRI 00:47:48 NARBARTE
- IBAI ETXEBERRIA 00:48:21 AZPEITIA
- ARITZ MUNARRIZ IGOA 00:49:58 ETXARRI ARANATZ
Emakumezkoak
- MARIA ORDOÑEZ MARINA 0:51:28 IRUÑEA
- LAIANE ARROSPIDE GARMENDIA 0:59:34 TOLOSA
- MAITE BEREGAÑA IBERO 1:01:07 UHARTE-ARAKIL
- NEREA AMILIBIA ARRUTI 1:01:19 ZARAUTZ
- ENERITZ KARASATORRE ARAÑA 1:03:22 ETXARI-ARANATZ
0 Comments