Argazkia: Eutsi Balmatrail
Pasa den irailaren 24an, 39 korrikalarik hartu zuten parte aurtengo Kolitzako (879 metro) Errekorra proban, horietatik bederatzi emakumeak, bi minuturo irten zirelarik San Severino plazatik. Ikusleek Rufino Perez balmasedarraren bizitasuna txalotu zuten, 71 urterekin 879 metroko altueran amaitu baitzuen joan-etorriko ibilbidea.
Aurtengo garaileak Oihana Kortazar eta Hodei Samaniego izan ziren. Jaitsiera zirraragarri batean, Oihana Kortazarrek minutu bat inguru jan zion Malen Osari eta San Severino plazako helmugan sartu zen ordubete, hiru minutu eta hiru segundoko denborarekin, lasterketako emakumezkoen errekorra ezarriz.
Gizonezkoetan berriz, Kolitzarako hamabi kilometroko igoera eta jaitsiera osatzeko 55 minutu eta 51 segundo behar izan zituen Hodei Samaniegok, 2008an Marco De Gasperi italiarrak Kilian Jorneten aurkako lehian egindako markatik urruti (50 minutu eta 42 segundo).
SAILKAPENA
Gizonezkoak
1 HODEI SAMANIEGO BOUSO 55:38
2 ANDER IZA REKAKOETXEA 59:51
3 ENEKO CORRAL ABASOLO 1:00:04
4 ASIER HURTADO RODRIGUEZ 1:02:35
5 GUILLERMO ANTOÑANA ARANDO 1:05:29
Emakumezkoak
1 OIHANA KORTAZAR 1:03:03
2 MALEN OSA ANSA 1:03:06
3 MONTSERRAT VAZQUEZ RODRIGUEZ 1:15:35
4 ANABEL GUTIERREZ 1:27:00
5 ZALOA ALVAREZ AURRE 1:27:52
Kolitza Errekorraren Historia
1960ko Maiatzaren 8an hasi zen dena Francisco Rodriguez balmasedarrak, ia entrenamendurik egin gabe, 55:42ko erlojupekoa ezarri zuenean. 1969an Alfredo Uria saiatu zen marka hori hobetzen, igoera ona egin zuelarik, baina jaitsieran aukera guztiak galdu zituen. Jose Luis Lejarza saiatu zen hurrena, baina igoeran eguraldi txarra egin zuen eta proba bertan behera utzi behar izan zuen.
Saiatu zen hurrengoa Adelino Santos izan zen, lasterketa herrikoietako korrikalaria. Bere lehen saiakeran ezin izan zuen errekorra gainditu, baina azaroaren 1ean berriro saiatu zen eta honakoan errekorra 6 segundotan hautsi zuen (55:35).
2006ko ekainaren 2an, Ricardo Mejia mexikarrak mendiko probetan palmares bikaina duen korrikalaria aritu zen eta aurretik prestaketa on bat eginda helburua erdietsi zuen, errekorra 53 minutu eta 24 segundotan utziz. Hurrengo urtean baina, ekainaren 13an, Marco de Gasperi italiarrak errekorra berriro hautsi zuen, 51:29ko denbora eginda.
2008an Balmasedan Kolitza errekor saiakeraren 3. edizio modernoa egin zen. Oraingoan, Kilian Jornet katalana eta Marco di Gasperi italiarra ziren hautagaiak. Ateratzen lehena kataluniarra izan zen, baina ez zuen errekorra gainditzea lortu, 53 minututik gorako denbora egin baitzuen. Ordubete geroago hasi zen igotzen Marco di Gasperi eta oraingoan 50 min 42 segundotan helmugaratu zen, gaurdaino dirauen errekorra ezarriz.
0 Comments