Argazkia: Ultra Sanabria
Ultra Sanabria proba lehiatu zen aurreko asteburuan, urriaren 7tik 9ra, non korrikalariek 100 kilometro eta 6.000 metroko desnibel positiboa gainditu behar izan zituzten, hiru egun desberdinetan.
Euskal lasterkarien artean, Oihana Kortazar izan zen erabateko protagonista. Hiru egunetan jokatzen den Ultra Sanabria ondo baino hobeto ezagutzen du, izan ere, azken hiru hitzorduak irabazi ditu. Eta azken honetan ere ez zuen hutsik egin.
Lehen etapa, 32 kilometro eta 1.900 metroko goranzko desnibela zuena, Kortazarrek 3:56:48 denboran egin zuen. Eguraldiak asko lagundu zien lehiakideei, eta horri esker oso denbora onak egin zituzten. Kortazarrek, adibidez, proba horren errekor berria lortu zuen.
Hasierako etapa hau Escudero herritik abiatu zen goizeko 8:30ean, Peña Negra zelarik ibilbideko harribitxia. Zamorako eskualdean lehiaturiko jardunaldi honetan, Pico Vizcodillo eta Pico Faeda mendiak ere protagonista izan ziren, biak 2.000 metroko altueratik gorakoak.
Esan bezala, Kortazarrek erakustaldia eman zuen eta 3:56:48ko denbora egin zuen, hau da, etapako errekor berria, 2021eko bere markarekin alderatuta hiru minutu gutxiago baliatu zituelarik helmuga zapaltzeko. Bigarren postua Uxue Frailerentzat izan zen, 4:17:29rekin eta hirugarren postua Henar Perez leondarrak erdietsi zuen (4:19:25).
Bigarren etapa maratoi bat izan zen: 42 kilometro eta 4.000 metroko desnibela. Bigarren garaipena lasterkari gipuzkoarrarentzat; gainera, hainbat kilometrotan sailkapen absolutuan (gizonak eta emakumezkoak) lider joan zen. 4:21:59 denbora egin zuen.
Hirugarren eta azken etapa (32 kilometro eta 1.158 metro desnibel) ere aise irabazi zuen 3:31:07 denborarekin.
0 Comments