Argazkia: bilbaobasket.biz
Bilbao Basketek historia egin du igande honetan Fuenlabradaren aurkako partidan. Lau porrot jarraian pairatu ostean, talde madrildarraren aurka lorturiko garaipenaz gain, beltzezko gizonek euren saskiratze onena lortu zuten ACBn 40 minutuko jokoan. Saskibaloiaren elitean emandako 18 denboraldietan, partida batean araututako ohiko denboran lortutako erregistro bakar bat ere ezin da alderatu gaurkoan erdietsitako 109 puntuekin.
Marka hori hobetzen duten bi erregistro soilik daude baina luzapenekin lehiaturiko norgehiagoketan eman ziren: 2012-2013 denboraldian Valentziaren aurka lortutako 111 puntuak eta 2011-2012an Cajasolen aurka saskiraturiko 110 puntuak.
Bilbao Basketek bi urte baino gehiago zeramatzan ehun puntuko muga gainditu gabe. Kanaria Handiaren kantxan egin zuen azkenekoz 2020ko irailean, 102 sartu zituenean. Hori bai, hiru zifretara iritsi zen luzapena baliatuta nahiz eta ezin izan zuen garaipena eskuratu (107-102). Saskibaloian jokatzen diren ohiko 40 minututan ehun puntuko langaren gainditzea ikusteko, 2016ko apirilera egin beharko litzateke atzera, orduko Dominionek 101 puntu egin zituenean Sevillaren aurka.
109 puntuko marka hau, Ludde Hakanson, Adam Smith, Michale Kyser eta Francis Alonso jokalarien eskumuturrei esker lortu zuen talde bilbotarrak, lau jokalari hauen artean 75 puntu egin baitzituzten, saskiratutako guztiaren % 68,8-a. Joko antolatzaile suediarrak eta jokalari amerikarrak 22 puntu sinatu zituzten, pibotak 19 sartu zituen – bederatzitik bederatzi jaurtiketa libreetan – eta malagakoak 12.
Hasieratik nagusitu ziren bilbotarrak, 14-3ko partzial batekin partidako aurreneko zuloa ireki zutelarik. Markagailuan bikoiztu zituzten jarraian (16-8) eta lehen laurdena hamar puntuko abantailarekin itxi zuten (24-14). Bilbao Basketek erritmo altuarekin jarraitu zuen eta 17 puntuko aldea lortu zuen (45-28), 14 puntuko aldearekin joan zirelarik aldageletara (47-33).
Bigarren zatian, bisitariek eraso bat izan zuten hamar puntuko desabantailatik jeisteko baina huts egin zuten eta gero beltzez jantzitakoen uholdeak irentsi zituen, aldea haunditzen joan zelarik partida amaierara arte (63-45, 75-51 eta 109-82).
Azkenean, Bilbao Basketek garaipen sendoarekin itxi zuen partida, 27 puntuko abantailarekin, klubaren historiako seigarren alderik handiena suposatu zuena ACBko ibilbidean.
FITXA TEKNIKOA
109 – Surne Bilbao Basket (24+23+30+32): Hakanson (22), Adam Smith (22), Rabaseda (9), Andersson (2) eta Withey (7) –hasierako bostekoa-; Radicevic (4), Francis Alonso (12), Reyes (6), Sulejmanovic (4), Kyser (19), Rosa (2) eta Ubal.
82 -Carplus Fuenlabrada (14+19+23+26): Novak (8), Senglin (11), Kromah (8), Juan Fernandez (6) eta Ristic (12) –hasierako bostekoa-; Hannah (11), Marc Garcia (8), Okouo (18), Eyenga, Macoha, Beiran eta Savkov.
Partzialak: 24-14, 47-33- (atsedenaldia); 77-56 eta 109-82-.
Bilbao Basketen saskiratze markarik onenak
Valencia (2012-13, luzapena) 111
Cajasol (2011-12, luzapena) 110
Fuenlabrada (2022-23) 109
Girona (2004-05, luzapena) 107
Valencia (2015-16, luzapena) 104
Herbalife (2020-21, luzapena) 102
Sevilla (2015-16) 101
Canarias (2012-13) 101
Zaragoza (2012-13) 100
Joventut (2008-09) 100
0 Comments