Nahia Zudairek errekor berria ezarri du SB7 mailako 100 metroko bular proban

2022.12.6 | EHKM, Emakumeak, Errekorrak, Errrekor berria, Igeriketa

1:41.83 denborarekin, Zubietako igerilariak Manchesterreko Munduko txapelketarako gutxienekoa lortu zuen gainera

Argazkia: Gipuzkoako igeriketa Federazioa

 

Buruntzaldea IKTko Nahia Zudaire Borrezo Gipuzkoako selekzioarekin lehiatu zen asteburuan, Castalia Castello Nazioarteko Sarian. Zudairek SB7 mailako 100 metroko bular proban errekor berria ezarri zuen, marka horrek Manchesterren jokatuko den Igeriketa egokituko Munduko Txapelketarako txartela ere eman diolarik.

Igerilari gipuzkoarrak bi aldi hautsi zuen Euskal Herriko errekorra, 100 bular frogan, igeriketa egokituan. Lehena 1:41.84 denborarekin, eta hortik ordu gutxira, arratsaldeko jardunaldian alegia, berriro hautsi zuen errekor hori 1:41.83 denborarekin.

Zudairek 100 metroko hiru proba egin zituen lehiaketan eta hiruetan finalerako sailkatu zen. Bular estiloko lehian lortu zuen emaitzarik onena Zubietako igerilariak, bai sailkapenean, baita finalean, SB7ko Euskal Herriko errekorra eginda. Estilo libreko proban 01.09,81 denbora egin zuen eta bizkarreko saioan, aldiz, 01.35, 07.

Nahia Zudaireren bizitza etengabeko erronka izan da. 15 hilabeterekin aortaren koartazio bat detektatu zioten, odol-ureztatzea gorputzeko atal batera behar bezala ez iristea eragiten duen gaixotasuna.

Ebakuntza korapilatsu baten ondoren, bizkarrezur-muineko iskemia bat izan zuen, eta, horren ondorioz, paraparesia bat pairatu zuen beheko gorputz-adarretan. Ibiltzeko aukera izateko berme handirik gabe hasieran, Nahia hobetu egin zen, eta erabat autonomoa da gaur egun.

Igeriketa Nahiaren bizitzaren parte garrantzitsua izan da betidanik, lehenik eta behin errehabilitazio bitarteko gisa, eta geroago, 6 urterekin igeriketa klub batean hasi zenetik, gaur egun errekor ugariren jabea izatera pasatu delarik.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!