Argazkia: barren.eus
Pasa den larunbatean, azaroaren 19a, Karakateko Igoera lehiatu zen Elgoibarren, Morkaiko Mendizale Elkarteak antolatu ohi duen proba, aurreko edizioan baino korrikalari gutxiagok parte hartu zutelarik (iaz 78 izan ziren).
Lau kilometro inguruko bidea da Kalegoen plazatik Karakaterainokoa, eta 700 metrotik gorako desnibel positiboa du (Elgoibarko herrigunea 42 metroko garaieran dago eta 756 metrotara dago Kortazar gaina).
Eguraldi benetan makurra pairatu behar izan zuten korrikalariek, izan ere, euri zaparrada mardulak bota zituen goiz guztian zehar eta baita lasterketaren unean ere. Karakate gainean hiru graduko tenperatura markatzen zuen termometroak.
Gizonezkoen lehian Iban Murua elgoibartarra nagusitu zen 28:01eko denborarekin, tontorrean 16 segundoko aldea atera ziolarik bigarren egin zuen Iñigo Larizi. Hala ere, ez zuen lortu 2017an ezarri zuen marka ontzerik. Orduko hartan 26 minutu eta 17 segundu behar izan zituen Muruak gora iristeko. Kortezubiko Julen Aranguenak egin zuen hirugarren (29:00) eta Iñaki Goenaga plaentxiarrak laugarren (30:02).
Emakumezkoetan Mayi Mujika, elgoibartarra ere, izan zen azkarrena, 35:27ko denborarekin. Hortaz, ez zuen ondu Maite Maiorak 2016an egindako errekor-denbora: 31:37. Ainhoa Lendinezek egin zuen bigarren (36:38) eta Naomi Revertek hirugarren (41:44).
- Azken urteetako irabazleak:
2022an: Iban Murua eta Mayi Mujika
2021ean: Mikel Beunza eta Andrea Garai
2019an: Javier Goitia eta Sonia Lopez
2018an Iñigo Lariz eta Mayi Mujika
2017an Iban Murua eta Ainhoa Lendinez
2016an Iban Murua eta Maite Maiora
2015ean Iñigo Lariz eta Ainhoa Lendinez
2014an Iñigo Lariz eta Nahia Quincoces
2013an Iñigo Lariz eta Nahia Quincoces
2012an Iñigo Lariz eta Nerea Amilibia
2011n Oier Ariznabarreta eta Maite Maiora
2010ean Oier Ariznabarreta eta Maite Maiora
2009an Oier Ibarbia eta Nerea Amilibia
2008an Josu Arregi eta Oihana Kortazar
2007an Iñigo Lariz eta Pilar Arriola
2006an Aritz Kortabarria eta Pilar Arriola
0 Comments