June Arbeo, oztoporik gabeko bilakaera

2022.12.17 | EHKM, Elkarrizketak, Emakumeak, Errrekor berria

Iragan maiatzaren 25an, 3.000 metroko oztopo probako Euskal Herriko errekorra hautsi zuen durangarrak senior mailan, marka berria ezarriz: 9.44.83

Argazkia: Euskadiko Atletismo federazioa

 

June Arbeo Sarriugarte (Durango, 1999) Leongo errendimendu handiko zentroan dela elkarrizketatu dugu. Berak du, 9.44ko markarekin, Euskal Herriko errekorra 3.000 metro oztopodunetan.

Egun on June! Has zaitez zeure biografía txiki batekin, mesedez.

Durangon jaio  nintzen eta  8 urterekin  Kurutziaga ikastolako atletismo taldean hasi nintzen. Denetik lantzen genuen, eta gustura aritzen nintzen. Gero  eta serioago entrenatzen nuen. Eta 1.000 eta 1.500 metrotan hasi nintzen…

IVEF-eko ikasketak egitera Gasteizera joan nintzen, eta han lehen eta bigarren kurtsoak eginak nituela, Espainiako atletismo federazioak, beka bat eskaini zidan Leongo errendimendu handiko zentrora joateko. Onartu eta hona etorri nintzen. Leonen  egin ditut 3. eta 4. kurtsoak eta hezkuntzan aritu ahal izateko masterra egiten ari naiz.

Eta 3000 metro oztopodunetan Euskal herriko errekorra duzu!

Bai, lehengo marka 2018an egin nuen 20 urtez azpiko mailan, eta 2021ean Valentzian, absolutoetan  lortu nuen 10.02ko denborarekin. Baina aurtengo maiatzean, Huelvan, Scorpio klubarekin (orain Bartzelona CF-ekin ari naiz) marka hobetu egin dut eta 9,44an utzi dut.

Nolakoak dira zure entrenamenduak?

Durangon nenbilela, bakarrik aritzen nintzen eta orduko entrenatzaileak aholkatu zidan, Leongoa onartzea. Azken batean, taldean aritzea ere onuragarria izango zitzaidalakoan. Hemen  4-5 egunetan entrenatzen dut, goiz eta arratsaldez eta ostirala deskantsua hartzen dugu. Igandetan goizez bakarrik aritzen gara, probarik ez dugunean. Jose Villacorta da nire entrenatzailea, eta zentroan badugu nutrizionista bat, fisioa eta kirol psikologoa, baina hala ere elikadura kontutan ez gara oso zorrotzak, garbi jaten dugu, baina libre xamar.

Ze laguntza dituzu?

Leongo zentro honetan egoteko beka dut. Ez dut Basque Teameko laguntzarik ordea. Horretarako baldintza oso estuak bete behar direlako, eta oso gutxik eskuratu ahal dituztelako, besteak beste diziplina asko barnebiltzen dituelako. Eta gero klubak ere (orain Bartzelona FT) laguntzen dit ekonomikoki.

Zure ibilbidean ze momentu on eta txar izan dituzu?

Kirolarion artean momenturik txarrenak lesioak izaten dira, baina nik oraingoz ez dut  ezer larririk izan, eta oroimen onenen artean daukat Estonian, Europako txapelketan, 23 urtez azpiko kategorian, finalerdietan lortu nuen hirugarren postua.

Zeintzuk dira zure asmo hurbilak?

Hasteko entrenatzen eta hobetzen jarraitzea. 23 urte ditut, eta oraintxe bertan denbora onenak egiten dituztenak 28-30 urte bitartekoak dira. Beraz, uste dut oraindik hobetzeko tarte handia dudala.

Bestalde masterra amaitu nahi dut. Atletismotik ezin da bizitza guztia bizi, eta lanbidea ere aurreikusi behar dut. Beraz, oraingoz Leonen jarraituko dut.

Eta itzuliko zara Euskal Herrira?

Bai, bai, hori seguru.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!