Urdax Magunazelaiak irabazi du Harri Handien Euskal Herriko Txapelketa

2022.12.19 | EHKM, Harri-jasotzea, Herri kirolak

Lehen aldiz hartu du parte abadiñarrak txapelketa honetan eta 25 urterekin txapelketaren historiako bigarren marka onena egin du

Argazkia: egursport.com

 

Pasa den larunbatean, Asteasun lehiatu zen, beste behin, Euskal Herriko Harri Handien Harri Jasotze Txapelketa, non orotara bederatzi harri jasotzailek parte hartu zuten: Jokin Eizmendi, Aimar Galarraga, Xabier Aranburu Guzta, Julen Diaz, Jon Unanue Goenatxo, Iñigo Eizagirre, Sergio Mielgo, Gorka Etxeberria eta Urdax Magunazelaia.

Harri jasotzaile bakoitzak lau harrirekin egin behar izan zuen saioa. Laukizuzena 175 kilokoa edo 200 kilokoa izan zen, zilindrikoa ere 175 kilokoa edo 200 kilokoa, kubikoa 150 kilokoa eta bola 125 kilokoa. Pisu bateko laukizuzena aukeratuz gero, zilindrikoa beste pisukoa izan behar zuen. Harri bakoitzarekin hiru minutuko saioa egin zuen bakoitzak.

Azkenean, Asteasuko Usarrabi frontoia lepo beteta zela, Urdax Magunazelaiak alde handiarekin irabazi zion Jokin Eizmendi zarauztarrari. Aimar Irigoienen faltan, bi faboritoak ziren eta pronostikoak bete zituzten.

Magunazelaiak 25 urte ditu eta duela gutxi itzuli da harri-jasotzera, sei urteko parentesiaren ondoren. Finaleko lau lanetan nagusi izan zen. Hamar jasoaldi eman zizkion 200 kiloko laukizuzenari, 14 175eko zilindrikoari, 14 150eko kubikoari eta 20 125eko bolari. Guztira, 9.050 kilo altxatu zituen 58 jasoalditan.

Eizmendi izan da txapeldun berriarengandik urrunegi ibili ez den bakarra lau harrietan, zarauztarrak bederatzi jasoaldi eman baitzizkion 200 kiloko laukizuzenari, 12 175eko zilindrikoari, 12 150eko kubikoari eta 16 125eko bolari.

Azaroan egin zen Gipuzkoako Harri Handien Harri Jasotze Txapelketa Zizurkilen, eta orduan Urdax Magunazelaia izan zen txapelduna ere. Bigarren postuan Jokin Eizmendi sailkatu zen eta hirugarren Iñigo Eizagirre izan zen.

Magunazelaiak ez zuen orainarte inoiz harri handietako Euskal Herriko Txapelketa jokatu. Abadiñokoa oso goiz, 17 urterekin, erretiratu zen, baina maila handira itzuli da. Aurten bada, lehen aldiz hartu du parte lehian eta garaipena gutxi balitz, 25 urterekin txapelketaren historiako bigarren marka onena egin du.

Guztira egindako jasoaldiak:

Urdax Magunazelaia 58 jasoaldi (laukizuzenari 10, zilindrikoari 14, kubikoari 14, bolari 20): 9050 kilo

Jokin Eizmendi 49 jasoaldi (laukizuzenari 9, zilindrikoari 12, kubikoari 12, bolari 16): 7700 kilo

Iñigo Eizagirre 40 jasoaldi (laukizuzenari 6, zilindrikoari 8, kubikoari 11, bolari 15): 6125 kilo

Xabier Aranburu Guzta 39 jasoaldi (laukizuzenari 6, zilindrikoari 9, kubikoari 10, bolari 14): 6025 kilo

Jon Unanue Goenatxo 37 jasoaldi (laukizuzenari 6, zilindrikoari 8, kubikoari 10, bolari 13): 5725 kilo

Aimar Galarraga 36 jasoaldi (laukizuzenari 5, zilindrikoari 9, kubikoari 7, bolari 14): 5375 kilo

Sergio Mielgo 30 jasoaldi (laukizuzenari 2, zilindrikoari 6, kubikoari 8, bolari 14): 4400 kilo

Julen Diaz 29 jasoaldi (laukizuzenari 5, zilindrikoari 7, kubikoari 8, bolari 9): 4550 kilo

Gorka Etxeberria 21 jasoaldi (laukizuzenari 3, zilindrikoari 5, kubikoari 5, bolari 8): 3225 kilo

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!