Argazkia: realsociedad.eus
Txuri-urdinen aldi onak ez du etenik eta Rayo Vallecanoren zelaian gailenduta, bederatzigarren garaipena eskuratu du jarraian Realak. Imanol Alguacilen taldea 0-2 nagusitu zen Madrilen, eta marka berria ezarri du klubaren historian, inoiz baino garaipen gehiago kateatuta (5 Liga eta 4 Kopan), 1966-67 denboraldiko eta aurtengo iraila eta urria bitarteko zortzi garaipeneko erreskada hobetuz.
Reala oso ondo atera zen zelaira. Bertikaltasunez eta martxa bat gehiagorekin, Imanolen mutilek aurrea hartu zuten Sorlothen gol eder batekin, aurrelariak ederki aprobetxatu zuelarik Silvaren pasea. Txuri-urdinek ondo gidatu zuten norgehiagoka, soiltasunez eta irmotasunez, eta ordu erdia pasata, abantaila bikoiztu zuten estrategia jokaldi bikain batean. Braisek korner bat jaurti zuen, Aritzek lehen zutoinean loratu zuen eta Barrenek, bigarrenera iritsita, gola sartu zuen. Golak biribildu du donostiarraren eguna; lesio luze baten ostean hasierako hamaikakora itzultzeaz gain, bere aletxoa jarri du markagailuan aldea handitzeko.
Bigarren zatia Remiroren geldiketa handi batekin hasi zen, Lejeuneren burukadaren ostean. Rayok asko estutu zuen, baina Realak ondo eutsi zion eta neurketa berriro kontrolatu zuen, azkenean beste garaipen bat erdietsiz.
Bost aldaketak egin zituen Imanolek; Mikel Oiartzabal eta Carlos Fernandez zailduez gain, Robert Navarro, Jon Ander Olasagasti eta Ander Martin zelairatu ditu. Zenbait minututan, harrobikoak izan ziren zelaiko 11 jokalarietatik bederatzi.
Fitxa teknikoa:
Rayo Vallecano: Dimitrievski, Balliu (Salvi Sanchez, min. 83), Catena, Lejeune, Fran Garcia, Unai Lopez (Santi, min.46), Trejo (kap)(Falcao, min.67), Pathe Ciss, Isi (Nteka, min.67), Alvaro eta Camello (Andres, min. 83).
Real Sociedad: Remiro, Aritz, Zubeldia, Le Normand, Rico, Illarra (kap), Marin (Carlos Fdez., min.81), Brais Mendez (Martín, min.65), Silva (Olasagasti, min.65), Barrene (Navarro, min.70) eta Sorloth (Oyarzabal, min.65).
Golak: 0-1: Sorloth, min.15. 0-2: Barrene, min.36
Epailea: Mateu Lahoz. Txartelik gabe.
0 Comments