Martxoaren 25ean jokatuko da Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren 30. ekitaldia

2023.01.30 | EHKM, Errekorrak, Lasterketak

Iaz Caroline Jebet keniarrak emakumeen kategoriako errekorra hautsi zuen, 1:07:57ko marka ezarriz. Gizonezkoen errekorra berriz, Alex Korio Oloitiptipen eskuetan dago 2014az geroztik, 59:58ko denboran helmugaratuta. 

Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia

 

«Bidea Eginez!» izango da aurtengo ekitaldiaren leloa eta bide horri ekin zion Diego Garcia atleta azpeitiarra izan nahi du gogoan probak, Garcia hil zenetik 22 urte pasa diren honetan.

Iragan ostiralean aurkeztu zen Azkoitia-Azpeitia nazioarteko 30. maratoi erdia, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jauregian. Aurtengoan Martxoaren 25ean jokatuko da lasterketa, atletismo festa honen parte izan diren guztiekin ospatu nahi delarik 30. ekitaldi hau.

Agustin Jimenez probaren antolatzailearen hitzetan, «Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren ibilbidea berezia da eta izan da. Diego 2001ean joan bazitzaigun ere, gure asmoa da 90eko hamarkadako maratoiaren urrezko garaian sortutako filosofia horri eustea urterik urte».

Covid-19aren pandemia dela-eta bi urteko etenaren ondotik –modu birtualean korritu baitzen lasterketa–, iaz berriro ekin zitzaion errepidean korritzeari. Caroline Jebet keniarrak emakumeen kategoriako probaren errekorra hautsi zuen, kronometroa 1:07:57an gelditu ostean. Gizonezkoen errekorra berriz, Alex Korio Oloitiptipen eskuetan dago 2014az geroztik, 59:58ko denboran helmugaratuta.

Gipuzkoan, gaur-gaurkoz, Azkoitia-Azpeitia nazioarteko maratoi erdia da World Athletics-en ROAD RACE LABEL kategoria duen ibilbide proba bakarra, eta RFEA, FVA eta FAGeko egutegietan sartuta dago. Atletismoaren eta historiaren ikuspegitik, beraz, Euskal Herriko maratoi erdirik onena da proba hau.

Ohikoa den bezala, 8 kilometroko lasterketa laburrak emango dio hasiera maratoi erdiari, 16:15ean; aurtengoa 11. edizioa izango da. Lasterketa polita eta egiteko erraza da. Aurten, emakumeen parte hartzea % 50era iristea nahiko lukete antolatzaileek. Urtetik urtera, % 40 baino handiagoa da emakumeen parte hartzea. Nazioarteko maratoi erdia 16:30ean izango da. Ibilbide homologatuan, eliteko korrikalariek, zaleek nahiz herri korrikalariak izango dute gozatzeko aukera.

Izena emateko epea zabalik dago, gaurtik aurrera, www.rockthesport.com webgunean.

Lasterketari buruzko informazio gehiago: https://www.azkoitiazpeitia.eus/

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!