Victor Kipruto eta Cynthia Kosgei nagusi, 30. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian

2023.03.27 | EHKM, Errekorrak, Lasterketak, Markak

Errekorrik izan ez bazen ere, ia bi minutuan jaitsi zuen bere marka pertsonala Kiprutok. Emakumezkoetan ere zaila zegoen aurreko errekorra jaistea eta lortu ez bazuen ere, lasterketa bikaina egin zuen Kosgeik

Argazkia: azkoitiazpeitia.eus

 

Milatik gora korrikalari aritu ziren pasa den asteburuan Azkoitia Azpeitia Diego Garciaren oroimenezko maratoi erdiaren eta III. Lasterketa motzeko edizioetan, non beste behin, keniarrak izan ziren protagonista. Lasterketa nagusian Victor Kipruto eta Cynthia Kosgei izan ziren helmugara iristen aurrenak, bi lasterkariek aurrez zituzten markak gainditu zituztelarik.

Gizonezkoetan, Victor Kipruto izan zen irabazlea, ordubete eta 50 segundoko denbora erdietsita. Chakib Lachgarrek ordubete, minutu bat eta 45 segundoko (01 :01:45) denboran amaitu zuen lasterketa eta podiuma Kevin Kibetek osatu zuen (01:02:47).

Emakumezkoetan, aldiz, Cynthia Kosgei izan zen azkarrena, ordubete, bederatzi minutu eta bost segundotan (01:09:05) helmugaratuta. Bigarren heldu zen Teresiah Omosa (1:10:29) eta hirugarren postua Majida Maayoufentzat izan zen, 1:12:24an erlojua geratuta.

Probaren errekorrei dagokionez, haizeak indartsu jo zuen une batzuetan eta horrek eragina izan zuen korrikalarien denboretan. Errekorrik izan ez bazen ere, ia bi minutuan jaitsi zuen bere marka pertsonala Kiprutok. Emakumezkoetan ere zaila zegoen aurreko errekorra jaistea eta lortu ez bazuen ere, lasterketa bikaina egin zuen Cynthia Kosgei keniarrak.

Urtero bezala, AzkoitiAzpeitia kirol-ekitaldi arrakastatsua izan zen, baina baita festa hunkigarri bat ere, non, ohikoa den bezala, Diego Garcia gogoratu zuten. Eta, beste urte batez, Alejandro Gomez eta Ione Basterra atletak ere gogoratu zituzten lasterketaren antolatzaileek atzokoan, ‘Bidea eginez’ leloa zuen probari hasiera eman aurretik. 30. maratoi erdia eta lasterketa laburra hasi aurretik, antolatzaileek hirurei omenaldia egin zieten. Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolariek bertso batzuekin hasi zuten ekitaldia, eta omenduen familiek 1., 2. eta 3. dortsalak, lore-sorta bat eta parte-hartzaileen eta ikusleen txaloak jaso zituzten.

Gizonezkoak

  1. Víctor Kipruto 1:00:54
  2. Chakib Lachgar 1:01:44
  3. Kevin Kibet 1:02:47

Emakumezkoak

  1. Cynthia Kosgei 1:09:06
  2. Teresiah Omosa 1:10:29
  3. Majida Maayouf 1:12:24

Lasterketa herrikoan berriz, gizonezkoen mailan, Jon Presa lasartearra izan zen garailea (0:26:29). Bigarren sailkatu zen Mustapha Archaoui (0:26:43) eta hirugarren Iban Delgado (0:27:02), biak ala biak arrasatearrak. Emakumezkoetan, Nerea Murua lezoarra izan zen azkarrena (0:30:47). Haren atzetik helmugaratu zen Eneritz Aramendi azpeitiarra (0:32:38), eta Ioana Arbillaga tolosarrak (0:35:25) osatu zuen podiuma.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!