Malen Osak Aloñako Igoeraren errekorra ondu du

2023.04.24 | EHKM, Emakumeak, Errekorrak, Errrekor berria, Mendi lasterketak

Salomon etxeko korrikalari oñatiarrak hirugarrenez jantzi du txapela, eta gainera, bere aurtengo helburu nagusia lortu du, Maite Maiorak 2018an ezarritako marka hobetzea

Argazkiak: aloinakoigoera.eus

 

Haizeak eta eurak baldintzatutako lasterketari aurre egiteko prest agertu ziren igande goizean 300 korrikalaritik gora Foruen Enparantzan, azkenean 22,6 kilometroko eta 1868 metroko desnibel positiboko ibilbidea osatzen azkarrenak Malen Osa eta Aitor Ajuria izan zirelarik.

Emakumezkoen lehian, Malen Osa izan zen jaun eta jabe hasieratik, sekulako erakustaldia emanda. Egutegian aldaketa txiki bat eginda iritsi da Malen Osa aurtengo ediziora, baita Salomoneko taldekideekin hamaika eguneko training camp egonaldia egin ostean. Aurten, gainera, helburu jakin batekin jarri da irteera puntuan: 2018an Maite Maiorak ezarritako errekora (2:20:40) haustea.

Xede horrekin atera zen Osa eta lasterketaren hasieratik jarri zen aurrealdean, erritmo bizi horrekin erabat hautsi zuelarik lasterketa, atzetik aurkaririk ez zuela. Ikusleen animoekin iritsi zen Aloñako tontorrera 58 minutu eta 32 segundoko denborarekin, bigarren sailkatua zortzi minutu atzetik zuela.

Hortik aurrera ere indartsu jarraitu zuen eta behin gailurreria igarota, beheranzkoan gogotik ekin zion errekorra egiteko aukera zuela garbi ikusita. Helmugan 2:18:34 denborarekin, bi minutu eta sei segundo hobetu zuen Maite Maioraren marka. Osaren ostean, bigarren izan da Maddi Mujika eta hirugarren tokian hlemugaratu da Garazi Abasolo aretxabaletarra.

SAILKAPENA

Malen Osa Ansa-(2:18:34)

Maddi Mujika Errasti-(2:43:45)

Garazi Abasolo Mujika-(2:48:02)

Ane Zabala Bruña-(2:51:38)

Saioa Arkonada Perez-(2:56:25)

Walter Becerraren hutsunearekin, Aitor Ajuria otxandioarra zen gizonezkoetan faborito nagusia lasterketa irabazteko eta Domusa Teknik Lana taldeko korrikalariak ez zuen hutsik egin. Duela bi urte jantzi zuen lehenengo txapela Oñatin eta honakoan 2:03:35 denborarekin helmugaratu ostean bigarrenez irabazi zuen Aloñako Igoera. Ajuriaren ostean, bigarren eta hirugarren sailkatu ziren Iñigo Uribetxebarria eta Mikel Zabalegi.

SAILKAPENA

Aitor Ajuria Elkorobarrutia-(2:03:35)

Iñigo Uribetxebarria Agirre-(2:07:45)

Mikel Zabalegi-(2:09:43)

Oier Elorza Abaunz-(2:09:49)

Ion Artetxe Zalbide-(2:11:17)

ALOÑAKO IGOERA

Aloñako mendikatean zehar, altuera ertaiñean egindako mendi ibilbidea da, Artzanburu gaina izango delarik puntu altuena (1354 m). Oñatiko erdigunetik (230 m) Urtiagainera (490m) abiatuko gara asfaltozko bidetan lehenik eta baso pistetan barrena ondoren. Urtiagainetik Belarrera doan bidexka hartutakoan maldak gogorragoak bihurtuko dira altuerako larretan zehar. Belarretik aurrera (922 m) Aloña tontorrera (1238m) eramango gaituen bide osoan, begi bistan izango dugu uneoro. Behin Aloñako gurutzera iritsita buelta eman beharrean, aurrerantz jarraituko dugu, Aloñako mendizerran barrena, Buetraitz, Akaitz, Arriurdiñ eta Artzanburu mendiak igoaz. Ondoren, Aloñaren ipar aurpegian aurkitzen den mehatzarien bide zaharretik barrena, Oñatiko plazara iristeko.

Datuak:

Luzeera 22.6 km (3 km asfaltoan)

Desnibel positiboa 1868 m

Gutxieneko altura 230 m

Gehieneko altura 1352 m

Anoa postuak: 6

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!