Jokin Altuna, buruz buruko pilotari onenen pare

2023.05.2 | EHKM, Markak, Pilota

Elordi gaindituta, finalerdietan da berriz amezketarra, bere garaian Olaizola II.ak eta Martinez de Irujok lortutako marka onenak berdinduz

Argazkia: aspepelota.eus

 

Finalerdietan da Jokin Altuna Aitor Elordiri 22-18 irabazi ostean Eibarko Astelena pilotalekuan

 

Boladaka, baina partida ederra jokatu zuten bi pilotariek. Egin zuten akats bat edo beste, baina sakez min handia egin zioten elkarri, eta tantoak bukatzen ere asmatu zuten. Garaipen honi esker, Buruz Buruko Txapelketako finalaurrekoa jokatzeko sailkatu da Altuna. Bizirik jarraitzen du Elordik ere eta azken jardunaldian Unai Lasok eta biek jokatuko duten partidan erabakiko da Darioren aurkaria.

Elordik hartu zuen lehen abantaila (5-8) baina  Altunak sakea berreskuratu zuenean erabat aldatu zen joera (14-8). Elordik, ordea, onenen pare ibiltzeko gai dela erakutsi zuen. Sakea hartu eta 10-1eko partziala egin zuen, 14-8tik 15-18raino. Baina Altunak zazpi tanto jarraian egin, eta finalaurrekoetarako txartela poltsikoratu zuen.

Sailkapen honekin, Jokin Altuna, buruz buru, Olaizola II.a eta Martinez de Irujo onenen pare jarri da, izan ere, jokatutako azken hamar txapelketetan finalerdietan sartzea lortu du amezketarrak eta banaka jokatzen diren txapelketak kontuan izango bagenitu, azken zortziretan izan da lau onenen artean, bere garaian Olaizola II.ak eta Martinez de Irujok lortutako marka onenak berdinduz.

Ladis Galarzarekin jokatu zuen 2020ko Binakakoan geratu zen Aspeko aurrelaria finalerdietatik kanpo azken aldiz eta ordutik, 4 txapel eta beste bi final lortu ditu, aurtengo Buruz Burukoan egingo duenaren zain. Momentuz, larunbatean Iruñean Ezkurdiak eta Peio Etxeberriak jokatuko duten partidako irabazlearen zain dago, beste final bat jokatzetik pausu bakarrera.

Eta hauek zenbaki izugarriak izanda, ez dira gutxiagorako aurretik lortutakoak. 2016an jokatu zuen amezketarrak bere lehen finala, Oinatz Bengoetxearen aurka Gasteizen lehiatutako Lau eta Erdikoa (22-21 galdu zuen) eta ordutik aurrera begiratuko bagenu, azken 21 txapelketetatik 17tan pasa du final laurdenetako muga.

Garai bakoitzak bere baldintza zehatzak dituen arren, ohikoa da halakoetan alderaketak egitea eta alor horretan Jokin Altuna azken bi erreferentzia nagusiei –Aimar Olaizolari eta Juan Martinez de Irujori, alegia– begietara parez pare begiratzeko moduan da. Izan ere, bi nafarrek banaka zortzi finalerdiko bolada bana izan zuten, goizuetarrak 2004tik 2007rako finalerdi guztiak jokatuta eta Iberokoak, 2012tik 2015era artekoak.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!