Argazkia: Zaldibiako Mendi Lasterketa
Ausa Gaztelu Mendi Klubak antolatuta, Zaldibiako mendi lasterketen laugarren edizioa jokatu zen pasa den larunbatean. Proba luzea zein motza lehiatu ziren, eta inoizko partaidetzarik handiena eman zen, izan ere, guztira 308 korrikalarik parte hartu baitzuten.
Lasterketa luzea 09:00etan abiatu zen, eta partaideek 28 kilometroko eta 1.950 metro positiboko trail distantzia zuten egin beharra, Zaldibiako eta Enirio-Aralar Mankomunitatearen lurretan. Herriko plazatik irten, eta Gazteluko tontorrera igo ondoren, Ganboraino jarraituta, Aralarko parke naturaleko gainetan ondo barneratu ziren ondoren, eta Malkorri aldetik itzuli ziren.
Gizonezkoen mailan, Soronea-Ammma taldeko Hassan Ait Chaou billabonatarrak irabazi zuen, iaz bezala; aurten, gainera, errekor berria ezarri zuen: 2.24.32. Iñaki Olano taldekide altzotarra bigarren izan zen (2.29.01), eta Gaizka Lasa legorretarra hirugarren (2:39:59).
Emakumezkoetan berriz, Lide Urrestarazu ordiziarra, iazko edizioko irabazlea ere, nagusitu zen 3:09:56ko denborarekin. Bigarren Olatz Azazeta altsasuarra sailkatu zen (3:24:15) eta hirugarren Debako Leire Olazabal (3:31:36).
Lasterketa motza 09:30an abiatu zen; 15 kilometrokoa eta 1.000 metroko desnibel positibokoa, plazatik Gaztelura arteko joan-etorria egin zuten korrikalariek, Irati Larrañaga usurbildarra eta Gontzal Murgoitio elorriotarra izan zirelarik irabazleak.
Murgoitio 1:09:38ko denboran helmugaratu zen eta marka horrekin probako errekor berria ezarri zuen, atzetik Jokin Lizeaga eta Asier Azkarate helmugaratu zirelarik. Irati Larrañagak berriz 1:30:18ko denbora egin zuen, Leire Elolak eta Nerea Goikoetxeak osatu zutelarik podiuma.
Goierri Koparako azken-aurreko lasterketa puntuagarria izan zen Zaldibiakoa. Azkena irailaren 10ean izango da: Idiazabalgo Axari Trail mendi lasterketa.
SAILKAPENAK
– Lasterketa motza, 15 km.
Gizonezkoak:
- Gontzal Murgoitio, Elorrio. 1:09:38
- Jokin Lizeaga, Urnieta. 1:13:25
- Asier Azkarate, Arrasate. 1:13:461
Emakumezkoak:
- Irati Larrañaga, Usurbil. 1:30:18
- Leire Elola, Tolosa. 1:31:50
- Nerea Goikoetxea, Ordizia. 1:35:56
– Lasterketa luzea, 28 km.
Gizonezkoak:
- Hassan Ait Chaou, Villabona. 2:24:32
- Iñaki Olano, Altzo. 2:29:01
- Gaizka Lasa, Legorreta. 2:39:59
Emakumezkoak:
- Lide Urrestarazu, Ordizia. 3:09:56
- Olatz Azazeta, Altsasu. 3:24:15
- Leire Olazabal, Deba, 3:31:36
0 Comments