Argazkia: @Vadim Druelle
Pasa den maiatzaren 25ean, zortzimilako hau aurreneko aldiz igo eta 68 urtera hain zuzen ere, Vadim Druellek, 21 urteko alpinista frantziarra, 19 ordu behar izan zituen Kangchenjungaren gailurra zapaltzeko, oxigeno gehigarririk gabe.
Azken garaiotan, abiadura oso handian eskalatzen dituzte zortzimilakoak, eta errekor berriak ezartzen ari dira, esaterako, François Cazzanellik eta Benjamin Vedrinesek lorturikoak. Oraingoan baina, Vadim Druelleren txanda izan da, izan ere, etenik egin gabe, soka finkorik gabe eta mendiko langile xerparik ondoan eduki gabe, Kangchenjunga mendia (8.586 m) 19 orduan igo zuen.
Denbora ikaragarri hori behar izan zuen kanpaleku nagusia (5.500 metro inguru) eta gailurra (8.586 metro) lotzeko eta marka horrekin, Druelle munduko hirugarren zortzimilako garaiena (Everest eta K2aren ondoren) azkarren igo duen mendizalea bihurtu da.
Astebete lehenago ekin zion lehen saiakerari beste hainbat mendizalerekin batera, eta oso erritmo ona bazeraman ere, tontorretik 380 metrora zela atzera egin behar izan zuen, izan ere, egun horretan gaua oso itxia zen eta hotz haundia egiten zuen, eta ibilbidetik irten ziren.
Atseden hartu eta gero, hurrengo egunetan Druelle eta beste gutxi batzuk eguraldiari beha egon ziren eta aukera on baten zain geratu ziren, esan bezala, bigarren eta azken saiakera 25ean hasi zutelarik, eguerdi aldera.
Azkenean, kanpaleku nagusia atzean utzi eta hemeretzi orduko one push batean Kangchenjungako gailurra zapaldu zuen frantziarrak. Errekor horri dagokionez, berez, Grace Tseng txinatarrak igoera azkarrena aldarrikatu zuen duela bi urte eginiko eskaladan baina gerora baieztatu zen txinatarrak ez zuela tontorra zapaldu, gailurretik 200 metrora geratu zelarik.
Druelleren errekorrarekin alderatuta, arestian aipatutako Cazzanelli eta Vedrines azkarrago ibili ziren Nanga Parbaten eta Broad Peak-en egin zituzten errekorretan baina Kangchenjunga teknikoki eta morfologikoki bi mendi horiek baino askoz zorrotzagoa da eta ibilbide luzeagoa du.
‘Himalayan Datebase’ webguneko Rodolphe Popier ikertzaileak dio Druelleren denbora ezagutzen den azkarrena izan dela: «Oxigeno artifiziala erabili gabe egin den denbora onena da. 2018. urtean, Pemba Gelje Xerpak oso denbora ona egin zuen, baina botilak erabili zituen. Gainera, igoera hori gaizki dokumentatuta dago. Hitz batean esanda, alpinista gazte horrek egin duena ikaragarria da».
0 Comments