Maria Alduanek errekorra egin du 800 metroko proban

2023.07.17 | Atletismoa, EHKM, Emakumeak, Errekorrak, Errrekor berria

Aurki 16 urte beteko dituen nafarra bigarren sailkatu zen 2:08.92ko markarekin, Euskal Herriko 18 urtez azpikoen errekorra hautsiz

ARGAZKIA: FNA

 

Joan den asteburuan 18 urtez azpiko Estatu mailako LXXII. Txapelketa ospatu zen Gijonen, eta bertan izan ziren Euskal Herriko hainbat atleta, zilarrezko 5 domina eta finalisten arteko 15 postu eskuratu zituztelarik.

Lorpenik esanguratsuena, Maria Alduanena izan zen, izan ere, datorren abuztuaren 28an 16 urte beteko dituen nafarra bigarren izan zen 800 metroetan 2:08.92ko markarekin, Euskal Herriko 18 urtez azpikoen errekorra hautsiz.

Nafarroako 20 urtez azpikoen markarik onena ere bada Alduanek lortu berri duena, ez ordea, Euskal Herri mailakoa, Maite Zuñigaren eskuetan jarraitzen baitu, 1986ko ekainaren 24an eskuratu zuena Parisen, 2.05.36ko denborarekin.

Lehiaketa honetan bertan, Itsaso Madariagak (2007-01-24) heptatloneko zilarrezko domina eskuratu zuen (7 probetatik 3tan onena izan zen), guztira 5241 puntu bilduta, maiatzean lorturiko 5245 puntuen atarian geratu zelarik.

200 metroko proban gainera Alazne Furundarenaren (24.75) 18 urtez azpiko EAE mailako 200 metroko errekorra gainditu zuen Madariagak, 2005eko ekainaren 5ekoa, 24.70ean utziz. Hala ere, Euskal Herri mailako markarik onena Ane Petrirena nafarrarena da: 24.55.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!