Nuria Etxegarairen errekor berria 2.000 metroko oztopo proban

2023.07.17 | Atletismoa, EHKM, Emakumeak, Errekorrak, Errrekor berria

Etxegaraik hirutan hobetu du bere marka pertsonala aspaldi hontan, errekorra errekorraren atzetik ezarrita 50 urtetik gorako kategorian

Argazkia: DKT

 

Joan den larunbatean, uztailaren 8an, Almerian, Estatuko bigarren mailako Kluben arteko V. Txapelketa ospatu zen Master kategorian, non bi euskal taldek parte hartu zuten: Atletico Renteria gizonezkoetan eta emakumezkoetan, eta Durango Kirol Taldea emakumezkoetan soilik.

Zortzi klub aritu ziren lehian, gizonetan zein emakumeetan, eta markak adinaren arabera baloratzen dituen lehiaketa-sistema baliatu zuten, WMAren taulen arabera. Proba bakoitzeko markarik onenak 8 puntu jasotzen ditu, bigarrenak 7 eta horrela hurrenez hurren. Lehiaketan atletarik ez badago, zero puntu.

Azkenean, Durango Kirol Taldeak (DKT) lehenengo mailara igotzea lortu zuen. Durangoko emakumeak bigarren postuan sailkatu ziren, 107,5 punturekin, lehenengoetatik urrun, Nutrisport Biznaga Malaga taldekoak 130 puntura iritsi baitziren, eta Bartzelona At taldekoen aurretik (97 puntu).

Durangoko klubaren hainbat atletek euren probak irabazi zituzten: Begoña Martinezek, xabalina jaurtiketa eta hesien proba; Valvanera Guridik, 200 metroak eta errelebo laburrak; Nuria Etxegaraik, 2.000 metroko oztopo proba eta errelebo luzea, eta, Inma Ruizek 1.500 metroak eta errelebo luzea.

Guztien artean nabarmendu beharrekoa, Nuria Etxegarai Carbajoren lana izan zen, 2.000 metro oztopodun proba irabazi baitzuen, 7:50.76ko markarekin, Euskal Herriko F50 kategoriako errekor berria dena (eta bide batez Estatu mailako markarik onena ere).

Etxegaraik 50 urte ditu eta aspaldi honetan hirutan hobetu du bere marka pertsonala, errekorra errekorraren atzetik ezarrita. Pasa den ekainaren 23tik 25era Chapinen (Jerez de la Frontera) ospatu zen Estatu mailako Aire Zabaleko Master Txapelketan, Etxegaraik urrezko domina eskuratu zuen 7:53.69ko denbora eginda, erregistro horrekin Euskal Herriko errekor berria ezarri zuelarik.

Halaber, 1973. urteko maiatzaren 28an jaiotako atletak, dagoeneko ekainaren hasieran ezarria zuen Euskal Herriko errekorra 2.000 metrotako oztopo proban (50 urtetik gorako kategorian), 7.55.6ko marka berria eginda.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!