Helene Alberdik errekorra ezarri du Gasteizko Ironman triatloian

2023.07.18 | EHKM, Emakumeak, Errekorrak, Errrekor berria

52:41ko denborari esker emakumezkoen igeriketa errekorra hautsi zuen, 2019an Judith Corachanek ezarritakoa

Argazkia: ironman.com

 

Gasteizko Ironman triatloiaren laugarren edizioa jokatu zen pasa den igandean, uztailaren 16an, eta 58 herrialdetatik iritsitako 1.400 kirolari baino gehiago bildu ziren bertan haien indarrak neurtzeko asmoz, igerian, bizikletan eta korrika. Irteera Uribarri Ganboa urtegian izan zen, eta helmuga Gasteizko Plaza Berrian.

Bada, triatloia 08:00etan abiatu zen Uribarri Ganboa urtegitik, eta kirolariek 3,8 kilometroko zirkuitua osatu behar izan zuten igeri egiten. Ondoren, bizikletako zatia iritsi zen, 180 kilometrokoa, eta parte hartzaileek Arabako Lautadako paisaia ederrenetako batzuk zeharkatu zituzten: lehenengo, Landa lakuaren ertzetik ibili ziren, eta gero Elgeako mendilerrorantz joan. Gainera, kultura eta paisaia mailako interes handiko udalerri txikiak zeharkatu zituzten eta Done Jakue Bideko tarte batzuetatik oso gertu egon ziren.

Gasteizera iristean, kirolariek maratoi bateko 42,2 kilometroak osatu behar izan zituzten erdiguneko kaleetan barrena triatloia bukatzeko. Hiriko erdigune historikoan antolaturiko zirkuituari lau itzuli eman zizkioten, Plaza Berriko helmugan amaitu arte.

Helene Alberdi ironman distantziako probetan estreinatu zen Gasteizen. Lasterketan bosgarren postuan sailkatu zen, eta gainera, uretatik ateratzen lehena izan zen, 52:41ko denborari esker emakumezkoen igeriketa errekorra hautsi zuelarik (2019an Judith Corachanek ezarritakoa). Atzetik, 3:50 minutu ingurura Vesterby, Thoes eta Visserrek osaturiko hirukotea irten zen eta 6:33ra gerora irabazlea izandako Gurutze Frades. Dena den, probak aurrera egin ahala, aldatuz joan ziren sailkapeneko postuak.

Azkenean Gasteizko Ironmana Fradesek irabazi zuen, proba zortzi ordutan, 46 minututan eta 18 segundotan bukatuta. Svenja Thoes bigarren helmugaratu zen, 7 minutura, eta Viser hirugarren, 22 minutu baino gehiagora.

Alberdik, berriz, bederatzi ordu, 21 minutu eta 30 segundo behar izan zituen debuteko ironmana bukatzeko. Garaipena lortu ez bazuen ere, irailean Hawaiin izango den iroman lasterketara sailkatzea lortu zuen Zumaiako bizilagunak.

IGERIKETAKO SAILKAPENA

1 Helene Alberdi Sololuze 52:41

2 Michelle Vesterby 56:32

3 Svenja Thoes 56:35

4 Els Visser 56:36

5 Fiona Moriarty 58:58

6 Jana Uderstadt 59:07

7 Carla Dahan 59:10

8 Gurutze Frades Larralde 59:14

SAILKAPEN OROKORRA

1 Gurutze Frades Larralde 8:46:17

2 Svenja Thoes 8:53:17

3 Els Visser 9:08:59

4 Michelle Vesterby 9:17:46

5 Helene Alberdi Sololuze 9:21:30

6 Fiona Moriarty 9:26:50

7 Carla Dahan 9:36:04

8 Mirella Karlsson 10:56:17

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!