Argazkia: goiena.eus
Intxortako Igoera jokatu zen pasa den larunbatean, Elgetarrendako hain kuttuna den mendi lasterketa honen 26. edizioa hain zuzen ere.
Aurten, ibilbidean zein antolaketan ez da aldaketarik izan. 2,8 kilometroko proba plazako petriletik (470 metro) abiatu zen 11:00etan, eta lasterkariek Intxortako haize-orratzari (737 metro) buelta eman eta berriz plazara jaitsi behar izan ziren ahalik eta azkarren. Berdin dio nondik egin gorako eta beherako ibilbidea. Kronoa lasterkariek petrila ukitzerakoan gelditu zen.
Intxortako igoeraren bueltan bazen beste erronka bat, aurretik indarrean zeuden markak hobetzea: 2012an berreskuratutako lasterketan Eleder Lozanok gizonezkoena ezarri zuen 2015ean (16 minutu eta 14 segundo) eta Argider Txurrukak emakumezkoena 2019an (23:47).
Emakumezkoetan, Nerea Goikoetxea izan zen azkarrena (22:38). Goikoetxeak, gainera, 2019an Argider Txurrukak jarritako errekorra hobetzea lortu zuen, izan ere, minutu bat eta bederatzi segundo gutxiago behar izan zituen Intxortarainoko joan-etorria egiteko. Emakumezkoen podiuma Saioa Ugidosek (24:46) eta Inma Rafaelek (26:18) osatu zuten.
Gizonezkoen lehian berriz, Martin Egizabal izan zen lehena helmugara heltzen. Bere denbora 17:15. Ondoren heldu zen 12-16 urte arteko kategorian aritu zen Unax Agirre (17:38). Unai Fraile (21:31) eta Galder Agirrezabal (21:43) heldu ziren atzetik.
0 Comments