Argazkia: emakumemastercup.eus
Emakumeen esku pilotak kristalezko sabaiak hausten jarraitzen du eta beste egun historiko bat bizi izan zuen pasa den igandean Hiru Hiriburuak torneoko finalean ia 3000 zale bilduta. Frontoi hotzaren fama du Miribillakoak, jendea eramatea kosta egiten den horietakoa izatearena, baina aurreiritzi hauek ere txiki-txiki utzi zituzten egun osoko pilota festa batez gozatzera gerturatu ziren 2.800 ikusleek, emakumeen pilota final bateko ikusle errekorra hautsi zutenek. Giro ikaragarri honetan, Amaia Aldai eta Arrate Bergarak jantzi zituzten elite mailako txapelak, Leire Garai eta Irati Zabalari 22-19 gailenduta.
Harridura, poza eta hunkidura izan ziren Bilbon bildu zen jendetzaren artean gailendu ziren sentsazioak eta hasiera batean bestelakorik pentsa bazitekeen arren, jaialdiak borobila izateko beharrezkoa zuen emozioa ere izan zuelako azkenerako. Finalaren hasiera goitik-behera baldintzatu zuen Amaia Aldaik. Dimakoak uda eskuko arazo batzuekin amaitu bazuen, arratiarra erabat osatuta da eta pilota bizi baten laguntzaz, partida bere aldera eraman zuen 15-5 aurreratuta. Denetariko tantoak lortu zituen bizkaitarrak eta Arrate Bergara oso seguru baten laguntzarekin, partidak kolore erabat gorria hartu zuen hasi eta gutxira.
Gidoia, ordea, erabat aldatu zen hortik aurrera, Aldaik berak egindako huts batzuei esker Leire Garai jokoan sartu eta partida asko orekatu baitzen. Oso aurrelari desberdina da gasteiztarra, ez du Aldairen indar edo abiadurarik, baina angeluak bikain topatzen ditu, defentsa ere ikaragarri sendoa du eta tantoak luzatuz eta landuz, partidan berriz ere sartzea lortu zuten markagailuan 15-14 gerturatuta. Bi atzelariek bikain eutsi zioten partidari eta emozioak gora egin zuen etengabe. Azken txanpa horretan, ordea, berriz ere Amaia Aldaik hartu zuen finalaren aginte makila eta merezitako garaipena eskuratu zuten, hiru eta erditik botatako bi paretako zoragarri batekin jaialdiari merezitako amaiera emanda.
Eliteen mailako hirugarren posturako partida ere oso ikusgarria izan zen eta azkenerako Arrizabalaga-Erasunek lortu zuten garaipena, Zabaleta-Mendizabali 18-16 irabazita.
0 Comments