Ibai Larreak eta Gabriela Lasallek irabazi dute Kolitzako Errekorra

2023.10.18 | EHKM, Errekorrak, Mendi lasterketak

Dena den, aurtengo irabazleek ezin izan zituzten lasterketako errekorrak ondu, 2008an Marco de Gasperi italiarrak (50:42) eta 2022an Oihana Kortazarrek (1:03:03) ezarritakoak, alegia

Argazkia: kolitzabalmatrail.com

 

Balmasedatik irtenda, bi mendi lasterketa egin ziren joan den asteburuan, horietariko bat Kolitzako Errekorra izenarekin ezaguna dena, larunbatean lehiaturikoa, urriaren 14an, hain zuzen ere.

San Severino plazatik irten eta bertan helmuga zutela, Kolitza mendia igo eta jaitsi behar izan zuten korrikalariek, ermitaraino iritsiz, 12 kilometro eta 720 metroko desnibela duen ibilbidea osatuz. Irteera banan-banan eman zen, erlojupeko baten formularekin, guztira 33 gizon eta 6 emakumezko sailkatu zirelarik.

Gizonezkoen lehian, Ibai Larrea nagusitu zen 53 minutu eta 23 segundoko denborarekin, Alain Santamaria eta Ander Lopezen aurretik helmugaratuta. Emakumezkoetan berriz, Gabriela Lasalle izan zen irabazlea (1:06:33), Irune Lopez eta Marian Toriok osatu zutelarik podiuma.

Dena den, aurtengo irabazleek ezin izan zituzten lasterketako errekorrak ondu, 2008an Marco de Gasperi italiarrak (50:42) eta 2022an Oihana Kortazarrek (1:03:03) ezarritakoak, alegia.

Gizonezkoak

1 LARREA ARANGUREN, Ibai   53:23

2 SANTAMARÍA BLANCO, Alain 54:01

3 LOPEZ ISLA, Ander   58:31

4 CORRAL, Eneko   1:00:38

5 MUNARRIZ IGOA, Aritz   1:00:55

6 ZABALA ZAMALLOA, Jokin   1:00:56

Emakumezkoak

1 LASALLE GRATACÓS, Gabriela    1:06:33     

2 LÓPEZ CARRIBA, Irune   1:15:37

3 TORIO ANTOLIN, Marian   1:20:45

4 MANZANAL DIEZ, Andrea   1:28:02

5 OTEO RUIZ, Miriam   1:47:40

6 ZULUETA BARRERA, Saioa   1:49:49

Kolitza Errekorraren Historia

1960ko Maiatzaren 8an hasi zen dena Francisco Rodriguez balmasedarrak, ia entrenamendurik egin gabe, 55:42ko erlojupekoa ezarri zuenean. 1969an Alfredo Uria saiatu zen marka hori hobetzen, igoera ona egin zuelarik, baina jaitsieran aukera guztiak galdu zituen. Jose Luis Lejarza saiatu zen hurrena, baina igoeran eguraldi txarra egin zuen eta proba bertan behera utzi behar izan zuen.

Saiatu zen hurrengoa Adelino Santos izan zen, lasterketa herrikoietako korrikalaria. Bere lehen saiakeran ezin izan zuen errekorra gainditu, baina azaroaren 1ean berriro saiatu zen eta honakoan errekorra 6 segundotan hautsi zuen (55:35).

2006ko ekainaren 2an, Ricardo Mejia mexikarrak mendiko probetan palmares bikaina duen korrikalaria aritu zen eta aurretik prestaketa on bat eginda helburua erdietsi zuen, errekorra 53 minutu eta 24 segundotan utziz. Hurrengo urtean baina, ekainaren 13an, Marco de Gasperi italiarrak errekorra berriro hautsi zuen,  51:29ko denbora eginda.

2008an Balmasedan Kolitza errekor saiakeraren 3. edizio modernoa egin zen. Oraingoan, Kilian Jornet katalana eta Marco di Gasperi italiarra ziren hautagaiak. Ateratzen lehena kataluniarra izan zen, baina ez zuen errekorra gainditzea lortu, 53 minututik gorako denbora egin baitzuen. Ordubete geroago hasi zen igotzen Marco di Gasperi eta oraingoan 50 min 42 segundotan helmugaratu zen, gaurdaino dirauen errekorra ezarriz.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!