Jon Arzubialdek 60 urtetik gorakoen munduko errekorra hautsi du Donostiako Maratoian

2023.11.30 | EHKM, Errekor mundialak, Errekorrak, Errrekor berria, Lasterketak

2:34:06ko denbora eginda, 2009ko otsailaren 1etik, Yoshihisa Hosaka japoniarrak zuen errekorra 2 minutu eta 24 segundotan hobetu zuen donostiarrak

Argazkia: zurichmaratonsansebastian.com

 

Donostiako Maratoia egin zuten pasa den igandean, hilak 26, non Jon Arzubialde atleta donostiarrak historia egin zuen. Izan ere, 60 urterekin, bi ordu eta erdi pasatxoan (2:34:06) egin zituen maratoiko 42 kilometroak (42 kilometro eta 195 metro), kilometroko 3:39 minutuko erritmoan, eta 60 urtetik gorakoen munduko errekorra hautsi zuen.

2009ko otsailaren 1etik, Yoshihisa Hosaka japoniarrak zuen errekorra, Beppu Cityn 2:36:30-ko denbora egin zuenetik. Tommy Hughes britainiarrak bi aldiz gainditu zuen Hosakaren errekorra (2020an, 2:30:02 eta 2021ean, 2:31:18), baina World Master Athletics erakundeak ez zituen bi marka horiek aintzat hartu; orain, ikusi beharko da donostiarraren marka balekotzat ematen duen.

Hasieratik, bere fidagarritasuna ezagututa, argi zegoen munduko errekorraren bila zihoala donostiarra. 5. kilometroan 18:22ko denbora egin zuen, eta 37. postuan zegoen. 10. kilometrora 36:28ko markarekin heldu zen, 28. postura igo zelarik. Maratoi erdia 1:16:46an igaro zuen, 22. postuan, eta 30. kilometroan  bere denbora honakoa izan zen: 1:48:57.

40. kilometroan 2:25:56 markatzen zuen kronoak eta munduko errekorra bere oinetan zuela argi zegoen dagoeneko, azkenean 23. postuan helmugaratu zelarik 2:34:06ko markarekin, Hosakaren errekorra 2 minutu eta 24 segundotan hobetuz.

Bestalde, maratoian, maratoi erdian eta hamar kilometroko proban parte hartu zuten kirolariak batuta, guztira 5.690 lagunek hartu zuten parte Donostian antolatutako probetan. Horietatik, 2.629k maratoia egin zuten, 1.635ek maratoi erdia eta 1.426 hamar kilometroko proba. Kenyarrak izan ziren maratoiko lehenengo gizona zein emakumea: Benson Tunyo Murkomen izan zen garaile gizonetan (2:12:15) eta Emmah Cheruto Ndiwa emakumezkoetan (2:31:25). Maratoi erdiari dagokionez, Reilly Bloomer estatubatuarra (1:07:11) eta Tastet Fanny frantsesa (1:19:30) izan ziren garaile, gizonezkoetan eta emakumezkoetan, hurrenez hurren. Hamar kilometroko proban, azkenik, Maitane Melero nafarra (34:26) eta John Sanderson britainiarra (30:36) izan ziren garaileak.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!