Ainhize Belarrek 8c mailako zazpigarren bidea kateatu du

2023.07.31 | EHKM, Emakumeak, Errekor mundialak, Errekorrak, Markak, Mendia

‘Honky Tonky’ bidea gauzatuta, Josune Bereziarturen bideari jarraipena eman dio 17 urteko atxondarrak, hura izan baitzen marra horrekin munduko lehen 8c femeninoa lortu zuen eskalatzailea

Argazkia: Aitziber NARBAIZA

 

Ainhize Belar Barrutiak (Atxondo, Bizkaia, 2006ko urtarrilaren 15a) eskalatzaile onenen artean lekua du aspalditik. 2020an, soilik 14 urte zituela, Gezurren erresuma bidea kateatu zuen Gaubean (Araba), Estatu mailan 8c zailtasuneko bide bat eskalatzen zuen emakumerik gazteena izanik.

Aitarengandik datorkio zaletasuna Ainhizeri, izan ere, hura ere eskalatzailea da eta asteburuetan berarekin joaten zen Durangoko kiroldegiko rokodromora edo arroketara; Araotzera, Oñatira.

Orain, 17 urteko atxondarrak Araotzeko Korea sektoreko ‘Honky Tonky’ bidea (8c) kateatu berri du, bere bilakaera ikusgarriari segida emanez (gogora dezagun, adibidez, ‘Begi puntuan’-en -9a, Etxauri- lehen igoera femeninoa egin duela).

Atxondoko gazteak zortzi ekinalditan kateatu du bidea nahiz eta estilo horrekin ohituta ez egon. Hirugarren ekinaldian eroriko bat izan zuen baina zortzigarrenean arrakasta erdietsi zuen.

Honakoa kateatzen lortzen duen zazpigarren 8c mailako bidea da. 14 urterekin lehen 8c egin zuen: ‘Gezurraren erresuma’ (Gaubea). Udara honetan, berriz, 17 urterekin, ‘Welcome to Tijuana’ (Rodellar) eta aipatu dugun ‘Honky Tonky’; seigarrena eta zazpigarrena hurrenez hurren.

Azkeneko bide honek ordea badu kutsu historikoa, izan ere, duela 25 urte, Josune Bereziartuk marra horrekin munduko lehen 8c femeninoa lortu zuen, eskaladaren historian sartu zelarik gipuzkoarra. 1995. urtean, Bereziartuk berak eta Rikar Otegik ‘Honky Tonky’ ekipatu zuten eta hiru urte beranduago, Bereziartuk lehen puntu gorri femeninoa jarri zion marrari.

Orain, eskalatzaile bizkaitarrak Korea sektorean jarraitzen du eta aukera baliatu nahi du ‘Honky Mix’ (8c+) bidea gauzatzeko, bere lehen 8c+ izango litzatekeena. Bide horren lehen igoera femeninoa ere Bereziartuk lortu zuen; hots, munduko lehen 8c+ femeninoa izan zen.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!