Ainhize Belarrek balentria burutu du Etxaurin

2023.05.22 | EHKM, Emakumeak, Errekorrak, Markak, Mendia

17 urte besterik ez dituen atxondarra 9a maila egiten Euskal Herriko zein gure ingurumariko neska goiztiarrena bihurtu da, “Begi puntuan” bidea kateatuta

Argazkia: @SputnikClimbing

 

Ainhize Belar Barrutiari (Atxondo, Bizkaia, 2006ko urtarrilaren 15a) familiatik datorkio zaletasuna. Eskalatzailea du aita eta asteburuetan berarekin joaten zen Durangoko kiroldegiko rokodromora edo arroketara; Araotzera, Oñatira. Ikastolako eskaladako ikastaroan ere ibili zen. Lagunen eraginez hasi zen. Hasieran dibertitzeko asmoz, baina apurka zaletu egin zen.

2020an 14 urte zituela 8c zailtasuneko Gezurraren erresuma kateatu zuen Gaubean (Araba). Bigarren 8c-a Skin Dead izenekoa ere Gaubean lortu zuen. Hirugarrena, Kulun Gele zailagoa suertatu zitzaion desplomea eta pauso luzeagoak dituelako, baina soilik sei eguneko ekinaldiak behar izan zituen helburua lortzeko. Laugarrena Mistic izan zen 2022an eta bosgarrena L’espiadimonis 2023an, biak Margalefen (Katalunia).

Honakoan berriz, Ainhize Belarrek historia egin du “Begi puntuan” bidean, Euskal Herriko kirol eskaladaren historian urrezko pasartea idatzita, izan ere, zuzen-zuzenean 8c mailatik 9a zailtasunera egin du salto, 8c+ mailatik igaro gabe alegia.

17 urteko atxondarra, Etxauriko Kale Borroka sektorean dagoen marra horren lehen igoera femeninoa egiteaz gain, 9a maila egiten Euskal Herriko zein gure ingurumariko neska goiztiarrena bihurtu da.

Arrakasta horri esker, Belarrek beste ohore femenino bat du: Josune Bereziartu historikoarekin batera bederatzigarren esferara sartu den bigarren euskal eskalatzailea da

Gogora dezagun, bizkaitarren aurretik zazpi euskal eskalatzaile gai izan zirela 2006. urtean Ekaitz Maizek ekipatutako Etxauriko bide enblematiko hori igotzeko.

Lehenengo igoera 2006ko abenduan izan zen, eta Patxi Usobiagak eta Iker Pouk egin zuten. Hurrengo urtean, 2007an, Iban Larrionek eta Ekaitz Maiz ekipatzaileak eskuratu zuten. 2012an, Gorka Karapetoren koska iritsi zen, eta 2016an, Andar Lasagabaster eta Mikel Linacisoro izan ziren katea xaflatzea lortu zutenak.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!